LABO XL2 jaialdia egingo dute urriaren 22tik 24ra
Aurtengo kartela. Tabakalerako Kutxa Kultur plazak eta Ruiz Balerdi aretoak Labo XL arte eszeniko eta performatiboen jaialdia hartuko du urriaren 22an, 23an eta 24an. Aurtengoa jaialdiaren bigarren edizioa da, eta pandemiak gizartea eta bereziki kultur arloa kopatu dituen honetan “aurrera egin” behar dutela nabarmendu dute.
Aurtengo edizioan, besteak beste, Nerea Arriolak, Nerea Gurrutxagak eta Oihana Vesgak, Andrea Quintanak eta Alberto Cortesek hartuko dute parte, eta dantza, performancea eta antzerki fisiko emanaldiak eskainiko dituzte. Gainera, hainbat lan estreinatuko dira.
Lehen eguna inaugurazio ekitaldiarekin hasiko da. Ondoren, Rubel Albeldak Egur basoa obra eskainiko du, eta goiza jardunaldi profesionalekin amaituko da. Arratsaldean, bi estreinaldi: Nerea Arriolaren Eta gero zer? lana, eta, jarraian, Andrea Quintanaren Lo raro es que bailar sea raro izenekoa.
Bigarren eguna, berriz, Lacorte Filmsek eta NODEk abiaraziko dute, tailer baten bitartez. Arratsaldeko saioan, Nerea Gurrutxagaren eta Oihana Vesgaren Leiho zikin, zeru garbi, eta Emilio Manzanoren Proyecto Pueblo_Pubertad lanez gozatu ahalko da. Azken eguneko goizean, Oihane Varelak mugimendu tailerra egingo du, eta iluntzean bi emanaldi izango dira, alegia, Koldo Arostegiren Bobo, eta Alberto Cortes eta Rosa Romeroren La Teoria de la pelvis.
Antolatzaileek esandakoaren arabera, jardunaldi profesionaletan zein mugimendu tailerretan parte hartzea doakoa izango da. Emanaldietarako sarrerei dagokienez, Laboko webgunean eros daitezke.

