Abian da Dbusen Gabonetako haurrentzako marrazki lehiaketa
Hamalaugarren Dbus eta Gabonak haurrentzako marrazki lehiaketa abiatu du Donostiako autobus zerbitzuak, 13 urtetik berako haurren sormena sustatzeko eta garraio publikoaren garrantzia nabarmentzeko helburuarekin. Haur bakoitzak marrazki bat bidali beharko du, autobusekin harremana duen Gabonen inguruko ideia bat islatuz; lanak aurkezteko azken eguna azaroaren 13a izango da. Marrazkiak Fnac merkatalguneko erakusmahaian edo Dbusen bulegoetan (Fernando Sasiain kaleko 7. zenbakian) aurkeztu beharko dira, eta lanen atzeko aldean parte hartzailearen datuak jarri beharko dira: izen-abizenak, adina, jaiotze data, helbidea, telefonoa, posta elektronikoa, ikastetxea eta baimendutako tutorearen izenpea, hain justu. Horretaz gain, Dbusen webguneko inprimakia bete beharko da, tutorearen baimenarekin.
Bi kategoria izango dira lehiaketan: A kategoria 8 urtetik beherako haurrentzat (2012tik aurrera jaiotakoak) eta B kategoria 9 urtetik gorakoentzat (2008tik 2011ra jaiotakoak, biak barne). Bi kategorietan hiru sari emango ditu epaimahaiak: lehenengo saria Dbuseko autobusetan 2021eko lehenengo sei hilabeteetan nahi beste erabiltzeko txartela pertsonal eta eskualdaezina izango da Lenovo M10 tableta batekin, bigarren saria 2021eko lehenengo hiru hilabeteetan erabiltzeko halako txartela eta argazki kamera bat izango da eta hirugarren sariak bigarren sariko txartela bera, liburu sorta bat eta idazketarako sorta bat izango ditu. Gainerako finalistek, laugarren postutik hamargarrenera gelditzen direnek, diploma bana jasoko dute.
Marrazki finalista guztiak Dbusen autobusetako telebistetan agertuko dira abenduan zehar, eta autobus zerbitzuaren webgunean ere ikusgai izango dira. Hainbat leku publikotan ere jarriko dituzte marrazkiak, eta erakusketa bukatzean, marrazkiak gorde egingo dituzte zaintzapean, hilabeteko epean.