"Gentrifikazioa gogor jotzen ari da gure auzoa"
Groseko Saretxek antolatuta, 'Etxebizitza auzotik eta auzoarentzat' lelopean mobilizazioa egingo dute, urriaren 22an, 20:00etan hasita. Jon Basterra Saretxeko kideari elkarrizketa egin diogu, eta Groseko etxebizitzaren aferari buruz hitz egin du.
Zer da Saretxe?
Saretxe orain dela hiruzpalau urte sortutako Groseko etxebizitzaren aldeko sarea da. Herrialde Katalanetako etxebizitza eta auzo sindikatuen eragina jasota, antzeko proiektu bat martxan jartzea adostu zuten, gazte batzuek bultzatuta. Egun, Hondarpe auzo elkartearen aterkipean dagoen eragile bat da Saretxe. Groseko Auzo Elkartearen proiektuan, etxebizitzaren gaia jorratzen duen hanka da. Antolaketa eta babeserako espazioa izatea du helburu, hau da, behar duen orori aholkularitza juridikoa eskaintzea eta bizilagunen autoantolaketarako espazioa izatea. Etxebizitzaren arloa ezin da modu isolatuan ulertu, eta horregatik, auzo elkartearen logikaren barruan kokatzen gara. Komunitate bezala soilik ahalko diogu aurre egin honi. Auzo moduan.
Etxebizitza auzotik eta auzoarentzat aldarrikatzen duzue. Zergatik?
Gentrifikazioa gogor jotzen ari da gure auzoa, eta egunero ikusten dugu gero eta zailagoa dela auzoko langileentzat etxebizitza bat eskuratzea haien auzoan. Baina hori ez da kasualitatea. Kapitalismoak auzoetan, eta batez ere, etxebizitzan topatu du kapital metaketarako aukera: oinarrizkoak diren eskubideak lapurtu eta produktu bilakatu dituzte. Nolabait, hausnarketa horretatik abiatzen da leloa. Auzotik eta auzoarentzat; kapitalaren logikatik at, alegia. Hondarpek lelo bera erabiltzen du, eta guk etxebizitzarekin lotzen dugu.
Zein ezaugarri ditu etxebizitzaren aferak Grosen?
Gero eta zailagoa da Grosen bizitzea. Alokairuen prezioek gora egiten dute uneoro, eta etxebizitza bat erostea ez da aukera bat ere jende askorentzat, ez ekonomikoki, ez ideologikoki.
Zein proiektu espekulatzaile jarri dituzte martxan?
Momentu honetan Azorako kasua da proiektu espekulatzaile handiena, ziurrenik ere familiei zuzenean eragiten dielako. 300 familia inguru kaltetu ditu: horien artean ehuneko oso altu batek haien betiko etxea uztera derrigortuta ikusiko dituzte euren buruak. Horretaz gain, Gotzaindegiko hotela, Claret ikastolaren salmenta, eta jabetza bertikaleko eraikinak ditugu gurean. Baita jabedun espekulatzaile txikiak ere: horiek ez ditugu ahaztu behar.
Nola eragiten die etxebizitzaren aferak Groseko bizilagunei?
Horrek guztiak eragin zuzena du Groseko bizilagunengan. Gure auzoan bizitzea ia ezinezkoa bilakatzen ari da, eta horrek gizarte-ehunean ikaragarriko kalteak eragiten ditu: komunitatea desegiten eta norbanako gisa bizitzera bultzatzen gaituzte, ekoiztu eta lo egin dezagun soilik.
Beste eragileren batekin elkarlanean zabiltzate?
Noski. Gentrifikazioak komunitate oso baten suntsiketa dakar, eta beraz, komunitate bezala egin behar zaio aurre. Auzo mailan, Hondarperekin batera egiten dugu lan, batez ere. Eta Donostia mailan, Bizilagunekin plataformarekin eta sortu berri den Maizterren Sindikatuarekin dugu elkarlana.
Zergatik atera behar da jendea kalera urriaren 22an?
Urriaren 22ko manifestazioa inflexio-puntu bat izatea nahi dugu, “Bada antolatzeko garaia” oihukatzeko. Baldintza objektiboak mahai gainean daude, eta guri dagokigu orain bestelakoak eraikitzea, praktika lokalak bultzatuz eta ikuspegi globala mantenduz.