Isabel II.a etorbidea eraberritzeko proiektua bertan behera uztearen beldur dira Amara Berrikoak
Amara Berriko Bizilagunen Elkarteak kezka adierazi du, prentsan argitaratutako albiste baten aurrean. Izan ere, egunkari batek udalaren ustezko erabaki baten berri eman zuen: Amara Berriko Isabel II.a etorbidea berrurbanizatzeko proiektua bertan behera geratzea. Hala ere, Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordea asteartean bildu zen, eta proiektuaren etorkizunaren gaineko erabakirik ez zuen hartu: proiektua bertan behera uztea gai zerrendan bazegoen ere, erabakia “mahai gainean” geratu zen azkenean, udalak azaldu duenez.
Donostiako Udalaren inbertsioen birprogramazioaren barruan kokatzen da Isabel II.a etorbideko proiektua, eta oraindik ez dute erabaki proiektuarekin aurrera jarraituko duten ala bertan behera utziko duten. Dena den, kalearen berrurbanizaziorako proiektua bertan behera uzteko aukerarekin kezkatuta azaldu dira Amara Berriko Auzo Elkartekoak. “Ulertzen dugu ez dela onargarria hilabete eta urte luzetan diseinatutako, kontsultatutako, publikatutako, lizitatutako eta onartutako obra bat orain bertan behera gelditzea. Uste dugu Amara Berrik merezi eta behar duela elkargune nagusi bat auzotar guztientzat. Isabel ll.a toki bezela ideia oso ona da, eta ziur gaude bizilagun guztiok bat gatozela horrekin”, adierazi du elkarteak.