El Nido tabernak bere beirate historikoa berreskuratu du
Beirate historiko bat itzuli da Larramendi kaleko El Nido tabernara. Hain zuzen ere, Ancora Ondarearen Babeserako Elkarteak jaso duenez, tabernari izena eman zion beirateak, habia eta txoriak baititu.
Elkarteak nabarmendu duenez, egun tabernak duen egitura 1932. urtekoa da. Aipatzekoa da tabernaren aurrekaldea, art déco estilokoa, eta barra. Azken honek, gainera, Pascual Miguel tabernako fundatzailearen inizialak ditu. Marmol harrizko gainaldea duten mahaiak, ispiluak eta gillotina leihoak ere gaurdaino iritsi dira. Elkartearen hitzetan, “antzinako kafetegien atmosfera” bere horretan mantendu du El nidok.
Horregatik guztiagatik, erabakia txalotu du Ancorak. Izan ere, egun Donostiak ez du babestutako komertzio historikorik.