Reala prest dago Europa ligako partidetan Anoetan 1.000 zale sartzeko
Jokin Aperribai Realeko presidenteak klubaren berritasunak azaldu zituen asteazkenean emandako prentsaurrekoan, eta, besteak beste, azaldu zuen Realak Europa ligako norgehiagoketan Anoetan 1.000 zale sartu ahal izateko protokoloa prest duela ekainetik. Beraz, Eusko Jaurlaritzak kontrakoa esaten ez badu, Napoliren aurkako partidan 1.000 pertsona sartu ahal izango dira Anoetan. Aperribaik azaldu zuen zozketa bidez aukeratuko dituztela zale horiek, sarrerak ezin izango direla eskuz aldatu eta hilaren 20an emango dutela prozesuaren berri. “Eusko Jaurlaritzaren Bizi Berri Bi Planaren zorroztasun –eta erantzunkidetasun–printzipioari jarraituko diogu beti”, nabarmendu du presidente txuri-urdinak.
Era berean, Zubietako partidetara –emakumeen taldearenak eta Sanserenak– ere zaleak joaten hasi ahal izango direla azpimarratu zuen Aperribaik: “Larunbat honetan bertan irekiko dira Zubietako ateak emakumezkoen taldeak Levanteren aurka jokatuko duen partidarako. Z7 zelaian neskek eta Sansek egingo dituzten partidak jendearentzat irekiko dira (bazkideentzat soilik), edukiera murriztuarekin eta osasun neurri guztiak betez. Emakumezkoen taldearen lehen partida honetarako, larunbatean 11:00etan, 150 bazkidek parte hartu ahal izango dute”.
Bazkideen kuotak
Bazkideen 2020ko eta 2021eko kuoten inguruko xehetasunak ere eman zituen presidenteak. Hain justu, 2020ko kuotaren erdia itzuliko diete bazkideei, zenbateko hori kontu korrontean sartuz edo 2021eko kuotatik deskontatuz. Horrela, ekainean 2020ko kuotaren %20 itzuli zutenez, kuotaren %70 itzuliko diete bazkideei.
2021eko kuotari dagokionez, Aperribaik azaldu zuen kobratu egingo dutela, “klubak funtzionatzen jarraitu behar duelako”. Hala ere, presidenteak nabarmendu zuen “unean uneko egoeraren arabera hartu beharreko erabakiak” hartuko dituztela.
Bestalde, klubaren egoera ekonomikoaren berri eman zuen Aperribaik: “Erabaki hori hartzen da klubak funtzionatzen jarraitu behar duelako; diru-sarrerengatik, pandemia hasi zenetik gaur arte 15 milioi euro inguru gutxiago sartu ditugulako; bazkidearekin dugun harremanagatik, zelaietara pixkanaka itzuliko garelako; eta Kopako finala antolatzeagatik, estadioetara itzultzeko eta kopako finala antolatzeko abonatuen zerrenda izan behar dugulako. Datorren ekainean ikusiko dugu nola egiten dugun, 2020an bezala edo beste modu batera. Asistentzia normala bada, ez da Europako bonorik egongo lehiaketan jarraitzen badugu, ezta klubaren aledko egunik ere”. Hala ere, nahiz eta aurten hamabost milioi euro gutxiago jaso dituen, klubak hiru milioiko irabaziarekin itxiko du iazko ustiapen kontua, eta Aperribaik azpimarratu zuen “diruzaintza ordenatua” duela klubak.