"Donostiarrentzat hain garrantzitsua den hedabide baten urteurrena ospatzen parte hartzeak asko pozten nau"
Irutxuloko Hitzak 15 urte bete ditu, eta urteurrena ospatzeko, kamiseta eta poltsa berri batzuk egingo ditu. Bi diseinu berrik osatuko dituzte Irutxuloko Hitzaren produktu berriak, eta diseinu horietako bat Paula Estevez (Donostia, 1984) ilustratzaile eta komikilariaren lana da: hark ilustratu du Irutxuloko Hitzaren 15. urteurrena. Paula Estevezek ibilbide oparoa du ilustrazioak eta komikiak diseinatzen, eta donostiarra den arren, Getarian bizi da. Hala ere, bere jaioterriko berriak jarraitzen ditu Donostiako tokiko hedabidea irakurriz.
Paula Estevezek Irutxuloko Hitzaren 15. urteurrena ospatzeko egin duen diseinuan Irutxuloko Hitza irakurtzen ari den pertsona bat dago, eta harekin batera, arrautza oskola esferiko batetik irteten den lorea ukitzen ari den ile luzeko beste pertsona bat. Kolore zuri-urdineko ilustrazioa Hartu Hitza eta Bizi Hitza leloek borobiltzen dute, bi pertsonen buruak lore zuri-urdinaren gainetik inguratuz.
Zer irudikatzen du zure diseinuak, eta zein da bere mezua?
Egin dudan diseinuak Irutxuloko Hitzaren hamabost urte hauetako ibilbidea irudikatu nahi du: gutxinaka hazi, loratu eta fruituak ematen dituen proiektua, donostiarrentzat ezinbesteko informazio iturri bilakatu dena.
Zein izan da zure inspirazio iturria hori diseinatzerako orduan?
Soinean eramateko diseinua izateak, ondoren kamiseta eta poltsetan inprimatzeko sortutakoa, sormen prozesu osoan izan du eragina. Euskarria bera inspirazio iturri izan dela esan daiteke.
Edozein diseinu egiten duzunean, zein izaten da zure sorkuntza-prozesua?
Prozesua ezberdina izaten da lanaren arabera. Ilustrazio bat egiterakoan, testu edo gai zehatz baten ingurukoak direnean behintzat, horien muina hitzen bidez erauzten saiatzen naiz. Ondoren, kontzeptu horiek irudikatzeko era egoki edo interesgarrienak bilatzen ditut. Komiki bat egitearen prozesua konplexuagoa da. Istorio bat osatu beharra dago, pertsonaia eta espazioen diseinua landu… Normalean marrazten hasi aurretik lan osoa irudikatuta izan behar dut buruan, pelikula baten antzera, eta binetetan konposizio aldaketak eman daitezkeen arren, orokorrean lana aldez aurretik amaituta egoten da nire buruan.
Erraza egiten zaizu hasierako ideiari forma ematea?
Normalean ez diot hasierako ideia horri eusten. Burura etortzen zaidan lehen ideia ohikoena, edonork egingo lukeena, izaten da: eskatu iezaiezu hamar lagunei minutu batean etxe bat marrazteko, eta ikusiko duzu nola emaitza guztiak antzekoak diren. Ilustrazio on bat egiteko, eta interesgarria izan dadin, hasierako ideia horri buelta pare bat eman behar zaizkio, konfort-zonatik aldendu eta buruari zukua atera.
Zuk sortutako diseinuek badute bereizgarri jakinik?
Lerroek daramate normalean marrazkien pisua eta kolore kontraste handiak erabiltzeko joera daukat. Nire lanetan misterio kutsu bat mantentzea ere gustatzen zait eta pertsonaia bereziak, ezberdinak marrazten gozatzen dut gehien.
Zein espazio da zuretzat ideala sorkuntzarako?
Etxean egiten dut lan hoberen: eroso egotea ezinbestekoa da niretzat, eta bakardadean. Gertatu izan zait etxean denbora asko pasatu izanagatik kanpora ateratzeko beharra izatea, liburutegi edo kafetegi batera lan egitera joatea. Baina jendea begiratzen arreta galdu egiten dut beti.
Eta eguneko zein une?
Lehen, ezinezkoa egiten zitzaidan goizetan marrazten hastea, orain gosaldu ondoren jartzen naiz lanean, zahartu egin naizelako agian.
Hartzen al duzu astirik hedabideak jarraitzeko?
Bai, lanagatik denbora dezente pasatzen dut Interneten eta hedabideak sare sozialen bitartez jarraitzen ditut, batik bat.
Irutxuloko Hitzaren irakurlea zara?
Getarian bizi naizenez, nire jaioterriko berrien inguruan informatuta egoteko irakurtzen dut Irutxuloko Hitza, eta sare sozialen bidez jarraitzen dut.
Zer izan da zuretzat Irutxuloko Hitzaren 15. urteurrenean ekarpena egin izana?
Donostiarrentzat hain garrantzitsua den hedabide baten urteurrena ospatzen parte hartzeak asko pozten nau. Eskerrik asko egiten duzuen lanagatik!
Abian da Irutxuloko Hitzaren 15. urteurreneko kanpaina
Irutxuloko Hitzak hamabost urte bete ditu, eta gure ibilbide osoan, Donostian gertatzen den hori kontatu dugu: beste lekuetan tokirik ez duten pertsonei ahotsa eman diegu, eta auzoei alde batetik bestera zukua atera diegu. Eta, gainera, euskara hutsean eskaini dizuegu informazio guztia. Komunitate zabala osatu dugu, eta hori ospatu beharra dago. Paula Estevez eta Iñaki Martiarena Mattin ilustratzaileen sormenaren ondorio diren kamiseta eta poltsak aurkeztuko ditugu urriaren 22an, Irutxulo.hitza.eus webgunean. Laster azalduko dugu nola eskuratu dezakezuen urtemugaren harira egin dugun material guztia.
15 urteren ondoren, asko gara, eta gehiago izan nahi dugu.
Horregatik, eta beste 15 urterengatik, zuk ere hartu HITZA!