Eskoletako jangelako langileek "kontuan izan ditzaten" eskatu diote Eusko Jaurlaritzari
Eskoletako jangelako langileek elkarretaratzea egin dute, gaur, Donostiako Hezkuntza Delegaritzaren aurrean. ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek deitu dute elkarretaratzera, eta jangeletan segurtasuna, enplegua eta lan-baldintzak bermatu ditzan eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.
“Eskoletako jangelako langileak kontuan izan gaitzan eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari. Eskoletako jangelako segurtasunaren erregulazioari dagokionean, Eusko Jaurlaritzak erantzukizun guztiei uko egiten die. Prebentzio gehiago behar dugu”, adierazi du Mari Luz Rodriguez ELA sindikatuko kide eta eskoletako jangelako langileak. “Jaurlaritzaz gain, enpresei ere eskatu diegu gu kontuan izan gaitzaten. Segurtasunik ez dagoenez, guraso askok ez dituzte haurrak jangeletara eramaten, eta ondorioz, langile finkoak lekualdatzen dituzte eta lan-poltsan daudenei ez diete deitzen. Gainera, ikasgeletako burbuilak nahastu egiten dira jangeletan, baliabide gehiago behar ditugulako. Eta ez gaituzte ezertarako kontuan hartzen”, Edurne Lertxundi LAB sindikatuko kide eta eskoletako jangelako langileak esan duenez.
Sektore horrek pairatzen duen “prekaritatea” dela eta, greba egingo dute urriaren 21, 27 eta 29an, Eusko Jaurlaritzari eskatzeko haiekin hitz egiteko eser daitezen. “Gu ere hezkuntza-komunitatearen parte gara: haurrak jangeletan ere hezten ditugu”, esan du Lertxundik.