Hilaren 21ean etxegabetuko dute Victoria Noriega Bentaberriko bizilaguna
Alokairu, Kaleratzeak Stop eta Azorako maizterren plataformek jakinarazi dute epaileak asteazkeneko, hilaren 21eko, 9:30ean ezarri duela Victoria Noriega Bentaberriko babes ofizialeko etxebizitzetako bizilagunaren etxegabetzea. Hori dela eta, etxegabetzea salatzeko eta Noriega auzoan geldituko dela aldarrikatzeko elkarretaratzera deitu dute iganderako, hilaren 18rako, Jose Mari Sert plazan, 12:00etan.
Noriegak 22 urte daramatza Bentaberriko Eusko Jaurlaritzaren babes ofizialeko etxebizitza batean alokairuan bizitzen. Ordea, eraikin horiek Testa-Blackstone funts putrearenak dira. Noriegak pentsio txikia du, eta lau kuota ordaindu gabe utzi zituenez, bota egin nahi dute. Noriegak berak, Kaleratzeak Stop, Alokairu eta Azorako maizterren plataformekin batera, hilabeteak daramatza ordaindu dezakeen apartamentu txikiago bat eskaintzeko. Izan ere, bakarrik bizi da, eta ez du gaur egun duen apartamentu handia behar. Funts putreak, ordea, ez du halakorik egin nahi izan, eta etxegabetzearekin aurrera jarraitzen du, nahiz eta udala Donostia “etxegabetzerik gabeko hiria” izendatu zuen bere garaian.
Hedabide honek Noriega elkarrizketatu zuen irailean, eta nabarmendu zuen ez zekiela zer gertatuko zen bere bizitzarekin. Era berean, bere egoeraren berri eman zuen, baita erakundeekin izandako harremanen berri ere.