Lasterketarik ezean, kalean inoiz baino korrikalari gutxiago daude
Udazkenean jende ugari izan ohi da hiriko kaleetatik korrika. Aurten, berriz, korrikalariek euren errutinak egokitu behar izan dituzte, COVID-19aren aurkako neurrien ondorioz. Hala ere, motibazioa lortzeko bideak topatzen saiatu dira batzuk.
Donostiarrak taldeko Mikel Uralde (eskubian) bere taldekide batekin entrenatzen. (Argazkia: Maite Reizabal) Hostoen kolorea aldatzen doan heinean, gero eta korrikalari gehiago ikusten dira hiriko parke eta pasealeku zabaletan. «Garai honetan ikaragarria izaten zen; jendea nonahi korrika ikusten genuen», dio Mikel Uraldek (Hernani, 1975). Donostiarrak kirol taldeko kidea da, batik bat korrikari lotutakoa, Donostian egiten du lan eta hainbat lasterketatan parte hartu du, besteak beste, Behobian, eta Maratoian. «Urritik azarora, asteburuero lasterketa bat edo bi izaten ari dira Gipuzkoan». Donostian, esaterako, Hiru Hondartzak —10 kilometrokoa—, Klasikoa —15 kilometrokoa, igandean behar zuena—, Behobia-Donostia —20 kilometrokoa— eta Maratoia. Aurten, berriz, pandemia dela eta, guzti-guztiak bertan behera utzi dituzte. «Askoz jende gutxiago ikusten da. Lasterketak bertan behera uzteaz gain, uste dut birusarekiko ere errespetua dagoela».
Uraldek hamabi urte daramatza Donostiarrak taldean. Pandemia iritsi aurretik, astean zehar bitan korrika ateratzen zen taldearekin, eguerdian, eta asteburutan beste bitan. Alegia, guztira, lau aldiz astean. «Astearte eta ostegunetan Kontxako kabinetan geratzen ginen. Urriaren 1era arte dutxak itxita egon dira. Niretzat, Hernanin bizi naizenez, ezinezkoa izan da eguerdietan geratu ahal izatea», kontatu du. Dutxak berriro zabaldu zituztenez, entrenamenduekin hasi ziren berriro joan den astean. «Hiruzpalau lagun elkartzen gara», azaldu du.
Gainera, duela hiru urtetik gaurdaino, urtean Six Majors —munduko sei maratoi garrantzitsuenek jasotzen dute izen hori— bat egiten du beste hainbat taldekiderekin. «Hiriak bisitatzeko aprobetxatzen dugu», azaldu du. Aurten New Yorkekoan parte hartu behar zuten. «Dena lotuta genuen, orain, azaroan izaten baita. Azkenean bertan behera gelditu zen, eta dortsala datorren urterako gordeko digute», esan du.
Korrikaz harago, kirola
Sara Jimenezentzat (Antigua, 1993) ere kirola eta, kasu honetan, korrika egitea, lagunekin denbora pasa eta plana egiteko modua da, baina bere kabuz ere korrika egitea gustuko du. Betidanik egin du korrika, modu intermitentean izan bada ere, baina herri lasterketatan duela hiru urte hasi zen parte hartzen. «Gradualki izan zen. Lilatoia, San Silvestre, Klasikoa, eta, azkenean, Behobia».
Behobia-Donostia bi aldiz egin du Jimenezek, eta pandemiarik ezean, une honetan bere hirugarren Behobia prestatzen izango zen, astean hirutan entrenatzen. Pandemiak planak aldatu badizkio ere, lasaitasunez hartu du. «Normalean, Behobia prestatzen ari ez naizenean, beste kirol batzuk egiten ditut, eta orain ere hala nabil: igerian, bizikletan… Aldatzea gustatzen zait. Kirola egiten jarraitzen dut, baina beste hainbat diziplina sartzen ditut», kontatu du.
Uralderi, aurten, antzeko zerbait gertatu zaio korrikarekin: «Korrika astean lautan egin ohi dut, baina aurten ere beste kirol batzuekin tartekatu dut —bizikleta, igeriketa, mendia—. Gorputzari ere neurri batean ondo etorri zaio. Txipa aldatzea izan da», azaldu du.
Lasterketa birtualak
Maite Salazar (Lasarte, 1988) Run SS kirol taldeko kidea da. «Azkeneko bost urteak eurekin entrenatzen pasa ditut. Aurten erabaki dut printzipioz ez naizela taldearekin hasiko. Ordutegi aldetik, berandu egiten zitzaidan, eta dagoen egoera ikusita, nahiago izan dut bakarrik aritu», nabarmendu du Salazarrek. Hala ere, «entrenatzeko taula» eskatu du, alegia, lehen ere entrenatzaileak prestatzen zien ariketen taula, errutinekin.
Normalean, Hiru Hondartzak, Klasikoa eta Behobia egin ohi ditu. «Aurten nire buruari ez diot helburu finkorik jarri eta entrenatzeko zailagoa egiten zait. Helburu bat dagoenean, hura lortzeko motibazio gehiago duzu», kontatu du.
Hain zuzen ere, Run SS taldeak, euren korrikalariak motibatzeko asmoarekin, egitasmo bat jarri du martxan. Hiru Hondartzak, Klasikoa eta Run SSren lasterketa —urriaren amaieran izaten dena— bakoitzak bere kabuz osatzea lasterketa izan behar zuen asteburuan. «Ibilbidea egin eta emaitzak aplikazio batetara igotzen ditugu. Modu horretan bakoitzaren denbora ikus dezakegu eta gure arteko lehia sortzen du», dio.




