"Pandemia instituzionala da gaur egun bizi duguna"
Ibilbide sozial eta politiko esanguratsua du Felix Soto Azkaratek (Bilbo, 1937). Donostiako zinegotzia izan zen Herri Batasunarekin, 1970eko hamarkada bukaeratik 1990eko hamarkada hasiera bitarte. Era berean, hirigintza sailaren arduraduna izan zen sei urtez, eta pozik dago hiriarentzat lorturikoaz. Uliako Auzo Elkartearen sortzaileetako bat izan zen, eta gaur egun auzoaren aldeko lanean jarraitzen du.
Donostiarra zara, baina Bilbon jaio zinen. Nolatan?
Ama Mutrikukoa zen eta aita Burgosko herri batean jaio zen, baina 2 urterekin Donostiara ekarri zuten. Nire gurasoak Amarako Autonomia kalean bizi ziren, eta Donostiatik ihes egin behar izan zuten 1936ko gerrarengatik. Azken trena hartu eta nire gurasoak Mutrikura joan ziren lehenik, eta frankistek irabazi zutenean, Bilbora joatea erabaki zuten. Duela gutxi jakin dut nire aita maisu industriala izan zela, eta Bilboko Burdin Hesia eraikitzen ibili zela. Frankistek burdin hesia gainditu zutenean nire amak aitarekin harremana galdu zuen. Testuinguru horretan jaio nintzen Bilbon, 1937ko martxoaren 2an.
Iheslaria eta errefuxiatua izan zinen jaio berritan?
Horrela da. Bi hilabete inguru nituela Santanderrera joan ginen, eta ondoren Ribadesellara. Nire amak esaten zuen Santanderren jende maltzurra zegoela, gerra guri leporatzen zigutelako. Ribadesellan ikatz zamaontzi baten sotoan Bordelera joan ginen, Ingalaterrako Itsas Armadak tuta. Bordele ondoko bi herritan hilabete batzuk pasa genituen. Gerora, amak jakin zuen nire aita Santoñan preso zegoela, eta nirekin Donostiara itzultzea erabaki zuen.
Ordurako, gure Autonomia kaleko etxea okupatua zegoen. Ondorioz, nire aitaren izeba batek kale berean zuen etxera joan ginen, eta han hainbat hilabete pasa genituen. Gure etxeko eraikinean pisu bat libre zegoela jakin genuenean, hara joan ginen bizitzera. Aita denbora gutxi egon zen espetxean, eta Donostiara etorri zen. 8 urte nituela, gaixotu egin zen, eta ospitalean hiru urtez egon ondoren hil zen. Nire ama hiru semerekin geratu zen.
Ez zenuen haurtzaro erraza izan. Nerabezaroan, berriz, banketxe batean hasi zinen lanean.
Bai, Banco Guipuzcoanon 14 urterekin hasi nintzen lanean. Garai hartan ere beste saltsetan sartu nintzen. Lehenik, ezkutuko sindikatuekin, eta ondoren politikan. Lanean zeuden baldintza txarrei aurre egiteko elkartzen hasi ginen, eta grebak antolatzen. Betidanik pentsatu izan dut zintzoenak sindikatuetan genbiltzanak ginela. Gerora jakin izan da eskirolak zirela ustelak eta gaiztoenak. Jubilatu arte banketxean aritu nintzen lanean.
Amaran hazi arren, Uliara joan zinen bizitzera. Zergatik?
Ezkontzerakoan Uliara bizitzera joatea erabaki genuelako emaztea eta biok. 26 urte nituen. Ordura arte, Autonomia kalean bizi izan nintzen. Egia esan, Uliarekin lotura handiagoa dut.
Ulian bizi zinela hasi zinen auzoaren aldeko lanean. 1972an udal gobernu frankistak Uliako plan partziala onartu zuen. Plan horrek Ulia inguruko 102 eraikin eraistea aurreikusten zuen; 1.500 etxebizitza inguru. Auzotarrek horren kontra egin zenuten.
Udalbatzarrera joan ginen protesta egitera. Udal batzar aretoan altxa eta alkateari leporatu nion gure etxea bota nahi zuela. Hark urduri erantzun zidan ez zidatela etxea botako, baina gezurra zen. Gaiari buruz hitz egiteko sei laguneko talde bat osatzea proposatu zuen. Ni oso erradikala nintzen, eta esan nien ez nuela beraiekin elkartu nahi. Azkenik, amore eman eta eurekin elkartu nintzen. Felipe Ugarte zen orduko alkatea, militarra eta Francok jarritakoa. Ezaguna da egin zituen triskantza guztiengatik. Telefonica saldu, Txofreko zezen plaza bota, Kursaalaren kasinoa eraitsi eta Atotxako dorrea eta Erregenea eraiki zituen, besteak beste. Uliako planarekin, ordea, ez zuen bere helburua bete. Urtebeteko lanketaren ondoren, eta Uliako bizilagunek batzorde batzuk egin eta gero, alkateak bertan behera utzi zuen plana.
Politikagintzara 70eko hamarkada bukaeran eman zenuen jauzia. 1979tik 1991ra Herri Batasunaren zinegotzia izan zinen, eta sei urtez Hirigintza saileko burua. Gaia ondo ezagutzen zenuen, ezta?
Donostiako Udalean sartu aurretik Hirigintza alorreko gaietan aritua nintzen. Sei urtez izan nintzen saileko burua. Jesus Maria Alkain alkatearekin lau urtez, eta Ramon Labaien alkatearekin beste bi urtez. Hau da, legealdi erdia, kargutik kendu ninduen arte. Sei urte horietan hirigintza planak sustatu nituen auzo guztietan.
Hirigintza saileko arduradun gisa, hainbat gauza lortu zenituen Herri Batasunarekin. Zeintzuk izan ziren lorpen garrantzitsuenak?
1962ko Plan Orokorra oso kaskarra zen. Ez zuen metro karraturik aurreikusten unibertsitate publikoarentzat eta babes ofizialeko etxeentzat. Aldiz, planak jasotzen zuen Loiolako Erriberan zezen plaza bat egitea. Horrela, Ibaetako lursail batzuk desjabetzea erabaki nuen. Etxebizitza libreak eraiki behar zituzten eremu horretan, baina hori aldatzea lortu genuen. Beste desjabetze bat izan zen Altzako Harri Berri parkearena. Etxebizitza dorreak eraikitzea zegoen pentsatuta, baina hori ere bertan behera uztea lortu genuen. Azkenik, Easo plazakoa aipatuko nuke. Gaur egungo plazan etxeak eraikitzea zegoen aurreikusita. Lurrak Eusko Jaurlaritzarenak ziren, eta udalari zesio bidez emateko eskatu genion, eta horrela izan zen. Geltoki zaharra bota, eta onartu genuen plaza mantentzea kiosko batekin eta aparkalekua egitea lur azpian.
Nik gidaturiko Hirigintza batzordeak irekiak ziren, eta herritarrek parte hartu zezaketen. Bestalde, legeak behartu ez arren, hirian eraiki nahi ziren etxebizitzen %50a babes ofizialekoak izatea ezarri nuen. Promotore pribatuak ziren udaletxera etortzen zirenak etxebizitza berriak eraikitzeko proposamenekin. Udalak ez zuen iniziatiba zuten promotore horiek. Halere, nik ezarritako baldintza betetzen ez bazuten, ez zuten aurrera egiten. Gaur egun, antzekoa gertatzen da, baina erraztasun gehiago dituzte eraikuntza enpresa pribatuek. Udala ez gai horiei aurre egiteko, justizia da itxaropen bakarra hirigintza proiektu horiek eteteko. Bestalde, nik gidaturiko Hirigintza batzordeak irekiak ziren.
Ramon Labaienekin kultur etxeen sarea sortu genuen. Labaien pertsona kultua zen, eta ideiak garbi zituen. Kultur etxeak eraikitzeko lursailak lortu nituen Grosen, Intxaurrondon, Antiguan, Loiolan, Egian, Altzan eta Amaran. Dena dela, Amarakoa Ertzaintzak okupatu zuen azkenean, nire borondatearen aurka.
Desadostasun ugari ere izan zenituen alkate eta gainerako alderdiekin. 1985ean Labaienek Hirigintza kargutik kendu zintuen.
Bi urtez jasan behar izan ninduen Labaienek. EAJ atzetik zuen, presionatzen. Gure harreman ona Ondarretako hirigintza proiektu batek gaiztotu zuen. 300 etxebizitzako iruzurra egin nahi zuten gainerako alderdiek eta udaleko aholkularitza juridikoak. Nik ez nuen onartu, eta denak nire kontra jarri ziren. Ondorioz, Labaienek kargugabetu ninduen. Hilabete batzuk beranduago, Gipuzkoako Aldundiak arrazoia eman zidan.
Bentaberrin antzekoa gertatu zen. Nik proposatu nuen hango lurrak desjabetzea, babes ofizialeko etxebizitzak egiteko. Sozialisten babesa jaso genuen, eta desjabetzeko asmoa aurrera atera zen. Udalak, Gipuzkoako Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak onartu zuten. Lursailaren okupazioa sinatzea falta zen, eta hori Jose Antonio Ardanza lehendakariaren esku zegoen. Bi urtetan ez zuen sinatu, eta udal hauteskundeak egin zirenean ezustekoa etorri zen. Dagoeneko udaletik kanporatua nengoen. EAk irabazi zituen hauteskundeak, Herri Batasuna izan zen bigarren indarra, eta PSE-EE hirugarrena, Odon Elorza hautagaiarekin. Eusko legebiltzarreko parlamentaria zen Elorza, eta Bentaberriko hirigintza proiektua babestu zuen. Ordea, udal gobernua osatzerakoan, ezustean, Elorza alkate izendatu zuten jeltzaleen botoekin. Hilabetetara, Elorzak Bentaberriko desjabetzea bertan behera utzi, eta etxebizitza libreak egitea erabaki zuen. Ondorioz, Donostiako gazte belaunaldi bat etxebizitza gabe geratu zen. Gerora, udalak antzeko hirigintza planak sustatu ditu, eta gaur egun berdin jarraitzen du.
Horrela ere, Labaienek «hirigintzaren poeta» zinela esan zuen. Zure lana errekonozitu zuen?
Egia da hori esan zuela. Gerora jakin dut zerbait hobea. Ogasuneko zuzendari izandakoari galdetu nion Labaienek nitaz zer esaten zuen, eta ondorengoa adierazi zion; «gehiago fidatzen naiz Sotoz nire alderdikoez baino». Labaienek sarritan ez zion kasurik egiten alderdiari, eta horrek arazoak sortu zizkion. Urte batzuk beranduago, Argiari eskainitako elkarrizketa batean esan zuen hiriak asko zor didala. Pozgarria da hori.
Udalean sartu aurretik, 1975ean Uliako Auzo Elkartearen sorreran parte hartu zenuen. Erregistratu zen lehendabizikoa da. 40 urte luzez lan asko egin duzue. Zein lorpen nabarmenduko zenituzke?
Batez ere, Ulian eraikitzeko zortzi lizentzia bertan behera utzi izana. Udalaren aholkularitza juridikoak lizentziak errazegi baimentzen zituen. Proiektu askotan zegokiena baino lursail zati handiagoak jartzen zituzten, eta irregulartasun hori zuten proiektu guztiak atzera bota genituen. Hori egin izanak ondorio larriak izan zitzakeela jakin nuen bost urtera. Udalean nengoela, pertsona batek kontatu zidan higiezinen enpresari bat ni paretik kentzen saiatu zela. Uliako higiezinen negozioa eta Gipuzkoako ekonomia hondoratzen ari nintzela zioen. Pentsa, uste dut nire aurkako saiakera bat egon zela. Ordea, Txomin Iturberi esker ez zitzaidan ezer gertatu.
Horrez gain, Uliako Mintegietako parkearen alde egindako lana azpimarratuko nuke. Bere garaian gazteentzako etxebizitzak egiteko proiektu bat gelditu genuen. Ur biltegiak ere babestea lortu dugu, Eusko Jaurlaritzak monumentu izaera eman diolako. Dena dela, ur biltegien gainean eraikin bat jarri nahi dute, eta lau ikerketa daude horren aurka. Ordea, Donostian dena posible dela dirudi.
1991n sei urteko gaitasungabetzea ezarri eta udaletik kanporatu zintuzten. Zortzi urte lehenago, 1983an, udaletxeko Espainiako bandera kentzeagatik zigortu zintuzten. Zer gertatu zen zehazki?
Urte hartako Aste Nagusian gertatu zen. Ramon Labaieni eskatu genion Ama Birjinaren egunean Espainiako banderarik ez jartzeko. Bozketa egiteko eskatu genion, baina uko egin zion. Orduan, kentzea erabaki genuen. Bandera zegoen lekura sartzea lortu ondoren, banderaren soka moztu eta kendu egin nuen. Eraikinean zeuden udaltzainak zur eta lur geratu ziren. Deklaratzera deitu zituzten udaltzainak gertatu zena argitzeko, eta horietako batek seinalatu gintuen. Gure bila joan ziren gauean, baina nik ez nien atea ireki. Beste bi kideak atxilotu zituzten. Hurrengo egunean prentsaurrekoa eman genuen gertaturikoa azaltzeko. 1991ean egin zen epaiketa, eta sei urteko zigorra ezarri ziguten. Gobernu faxista batek jarritako zigorra izan zen.
Amorrua eman zizun udala uzteak?
Ez, Espainiako legionarioek jarritako bandera kendu genuelako. Dena dela, pena eman zidan 1995eko Plan Orokorraren onarpenean ez parte hartzeak. Hirigintzan gauza gehiago egiteko gogoa nuen, eta udaletik kanpo jarraitu dut lan horretan.
Gerora, eskaintzarik jaso zenuen udalera itzultzeko?
Saiatu ziren ni politikara erakartzen, baina argi nuen politikagintzara itzultzekotan soilik Herri Batasunarekin izango zela.
Kirolarekin ere harremana izan zenuen. Egia eskubaloi taldeko entrenatzailea izan zinen 70eko hamarkadan. Nolakoa izan zen esperientzia?
Eskubaloi jokalaria izan nintzen, eta Egiako entrenatzaileak utzi zuenean bere lekua hartzea erabaki nuen. Horretarako, entrenatzaile ikastaroak egin nituen Madrilen eta Spliten, garai hartako Yugoslavian. Entrenatzaile tituluak aterata Egiako entrenatzaile izendatu ninduten. Bi urte inguru eman nituen entrenatzaile gisa.
1971n, eskubaloi ligako partida baten atsedenaldian, telebistak elkarrizketatu zintuen eta presoentzat amnistia eskatu zenuen. Horrek ondorioak izan zituen, eta Espainiako Eskubaloi Federazioak kanporatu zintuen. Zer gertatu zen?
Atletico Madrilen aurkako partidan gertatu zen, urte hartako abenduaren 26an. Egun batzuk lehenago telegrama bat jaso nuen ordutegi proposamen batekin, eta onartuz gero partida telebistaz emango zutela zioen. Onartu genuen. Aukera aproposa iruditu zitzaidan. Madrilerako bidaia luzea egin zitzaidan, ez nuen lorik egin. Ondo pentsatuta eraman nuen dena. Antonio Magariños kiroldegian izan zen partida, eta atsedenaldian telebista etorri zitzaidan zuzeneko elkarrizketa bat egiteko. Kazetariak hainbat galdera egin ondoren, galdetu nion ea kirolaz aparteko zerbait esaterik nuen. Berak, baietz. Orduan, hauxe esan nuen: «Gipuzkoarren ordez mintzatzeko moduan nagoelakoan, amnistia osoa eskatzen dut preso politikoentzat». Kazetaria jota geratu zen.
Hori esan orduko banekien ondorioak izango nituela. Aldagelara jaitsi eta klubaren dokumentazio guztia eman nion masajistari. Aulkira itzuli nintzenean, bi pertsona nituen atzean. Partida bukatu zenean beraiekin joateko esan zidaten, eta atxilotuta eraman ninduten polizia etxe batera. Egindako adierazpenen azalpenak eskatu zizkidaten, eta ea telebista aprobetxatuz egin ote nituen. Nik esan nien ezetz. Ordea, konturatu nintzen jasotako telegrama patrikan neramala. Komunera joateko eskatu zidaten, eta kostata bada ere, komunetik behera botatzea lortu nuen. Kalabozoan 48 ordu eman nituen. Deklaratu ondoren, pasaportea kendu, 30.000 pezetako isuna jarri eta entrenatzaile lizentzia betirako kendu zidaten olinpiar izpirituaren kontra egiteagatik.
Amnistiaren Aldeko Batzordearen sortzaileetako bat izan zinen 1975ean. Zerk bultzatu zintuen horretara?
Espetxean lagunak nituelako. Hogeita bat pertsona elkartu ginen batzordean. Besteak beste, Miguel Castells, Rafael Ruiz Balerdi, Eduardo Txillida eta Juan Mari Bandres. Bi urte beranduago, 1977an Amnistiaren Legea onartu zenean, sorturiko batzordea desegin genuen. Dena dela, beste batzuek jarraitzea erabaki zuten, eta nik ere parte hartu nuen hainbat urtetan.
Une honetan, San Telmo Museoan ikus daitekeen Fernando Postigo argazkilariaren erakusketan agertzen zara. Ordea, ez omen zaude gustura hautatu duten argazkiarekin.
Erakusketako komisarioarekin harremanetan jarri nintzen nire kexa adierazteko. Izan ere, erakusketan ez dago argazki bakar bat ere Tomas Albarena. Udaleko lehen zinegotzi eraila izan zen, eta ez dago bere aipamenik ere. Horren ordez, udal batzar aretotik kanpo agertzen garen argazki bat dago. Oinak dio udal batzar aretotik kanporatu gintuztela, eta ez zen horrela izan. Kontua da udalbatzarra bertan behera geratu zela, eta une horretan kanpoan geundela eserita.
83 urte dituzu eta eragiten jarraitzen duzu. Pentsatu duzu inoiz erretiratzea?
Inolaz ere. Itsu geratu arte jarraituko dut. Momentuz ikusmena ez dut galdu, eta ikusten dudana ez dut batere gustuko. Pandemia instituzionala da gaur egun bizi duguna. Jendea etengabe izorratzen ari dira, eta beraietaz barre egiten dute. Nik lanean jarraituko dut Uliako Auzo Elkartearekin, eta memoria historikoaren alde.