Tokiko Produktuekin Konprometituta sarietako izen-ematea ireki dute
Hirugarren urtez, udaleko Donostiako Sustapena sailak Tokiko Produktuekin Konprometituta sariak antolatu ditu, nekazaritza elikagaien ekoizleak eta haien produktuak sustatzeko helburuarekin. “Sari batzuen hirugarren edizioa da aurtengoa, eta sari horiekin Donostiako establezimenduek bertako produktuaren alde egiten duten lan garrantzitsua aitortzen dugu. Administrazioak tokiko produktua sustatzeko politikak jartzen ditu abian, baina ekimen partikular eta indibidualik gabe ez genuke lortuko azken kontsumitzailearengana hain sakon iristea”, azaldu du Marisol Garmendia Bultzada Ekonomikoko zinegotziak. Izen-ematea hilaren 25eko 13:00etan itxiko dute; euren hautagaitza aurkeztu nahi dutenek, Donostiako Sustapenaren webguneko inprimakia bete eta sustapen sailaren bulegoetan (Erregina Erregentearen kalea, 9) aurkeztu edo fomentoss@donostia.eus helbidera bidali beharko dute.
Establezimenduen araberako bi kategoria izango dira sarietan: ostalaritza eta merkataritza. Establezimenduek tokiko produktuekiko duten konpromisoa baloratzeko, tokiko produktuek establezimenduaren eskaintzan duten presentzia, estrablezimenduek halako produktuen alde egindako sustapen, komunikazio eta marketin ekintzak eta tokiko ekoizleak sustatzeko egindako jarduerak izango dituzte kontuan.
Bi sari izango dira kategoria bakoitzeko irabazlearentzat: 500 euroko erosketa txartela Donostiako Sustapeneko Guztiona klusterreko enpresetan kontsumitu ahal izateko eta establezimenduarentzako plaka pertsonalizatua.