Victoria Noriegaren etxegabetze eskaera bertan behera utziko du Testa-Blackstonek
Hala jakinarazi dute Alokairuk, Kaleratzeak Stopek eta Inquilinos Azorak ohar baten bidez. Akordio batera iritsi direla azaldu dute, eta Bentaberriko bizilaguna bere etxean geratuko dela.
Epaileak urriaren 21ean ezarri zuen Victoria Noriega Bentaberriko babes ofizialeko etxebizitzetako bizilagunaren etxegabetzea. Ordea, azkenean Noriegaren abokatuari akordio bat proposatu dio Testa-Blackstonek. Akordio horren arabera, etxegabetze eskaera bertan behera utziko dute.
Etxebizitza eskubidearen aldeko eragileek azpimarratu dute putre funtsaren aurka egin duten mobilizazioengatik lortu dutela akordioa: “Victoriak lau hilabeteko alokairua ordaindu ez zuelako demanda jarri zuenetik egin ditugun salaketa eta elkarretaratze guztiengatik, eta, batez ere, igandeko elkarretaratzearengatik, eta etxegabetzearen aurka egitekoak ziren piketearengatik. Stop Kaleratzeak, Alokairu eta Inquilinos Azoraren ustez, “ekintza hauek izan dira harrapari hauen atzaparrak okertu dituztenak eta, ostiral honetako arratsaldean, Victoriaren abokatuari akordio bat proposatzera behartu dituzte”.
Bi aldeek adostutako akordio horren bidez, etxegabetze eskaera artxibatzea eta bertan behera uztea eskatzen da. Gainera, azaroaren 30ean amaituko da Victoria Noriegaren kontratua, eta luzapena berritzea eskatzen da. Ordaindu ahal duen apartamentu batean birkokatzeke jarraitzen du, eta, demandaren oinarri den zorrari dagokionez, hainbanaketa finkatzen da, jasotzen dituen diru-sarrera apalen arabera.
Noriegak 22 urte daramatza Bentaberriko Eusko Jaurlaritzaren babes ofizialeko etxebizitza batean alokairuan bizitzen. Ordea, eraikin horiek Testa-Blackstone funts putrearenak dira. Noriegak pentsio txikia du, eta lau kuota ordaindu gabe utzi zituenez, bota egin nahi zuten. Noriegak berak, Kaleratzeak Stop, Alokairu eta Azorako maizterren plataformekin batera, hilabeteak daramatza ordaindu dezakeen apartamentu txikiago bat eskaintzeko. Izan ere, bakarrik bizi da, eta ez du gaur egun duen apartamentu handia behar. Funts putreak, ordea, ez du halakorik egin nahi izan, eta etxegabetzearekin aurrera jarraitu du, nahiz eta udala Donostia “etxegabetzerik gabeko hiria” izendatu zuen bere garaian. Hedabide honek Noriega elkarrizketatu zuen irailean, eta nabarmendu zuen ez zekiela zer gertatuko zen bere bizitzarekin. Era berean, bere egoeraren berri eman zuen, baita erakundeekin izandako harremanen berri ere.