Euskararen Plan Orokorrak hiru helburu estrategiko ditu datozen lau urteetarako
Euskararen Plan Orokorra 2020-2024 onartu berri du Donostiako Udalak, eta helburu orokorra da hirian euskara berreskuratzeko eta zabaltzeko bidean aurrera egitea. Donostiako gizartea osatzen duten eragileekin lankidetzan, udalak behar berrietara etengabe egokituz lan egingo du euskararen erabilera indartzeko, donostiar guztiei euskaraz bizitzeko baldintzak eskainiz, euskararekiko atxikimendua sustatuz eta euskaraz ez dakitenak euskara ikastera erakarriz.
2020-2024 aldirako planak hiru helburu estrategiko zehaztu ditu: hiztun berriak sortzea eta lortzea –familia transmisio, irakaskuntza eta euskalduntze-alfabetatze bidez–, gizarte erabilera sustatzea –administrazioan, arlo sozioekonomikoan eta aisialdian zein kirolean–, eta euskarazko sorkuntza sustatzea –kulturgintza, hedabideak, corpus plangintza, informazio eta komunikazio teknologiak eta sentsibilizazioa–. Helburu horiek betetzeko udalak, Euskara Zerbitzuaren bidez, ekintzak diseinatuko ditu.
Euskara zeharkako gaia izanik udaleko sailek beraien ohiko kudeaketan txertatzea erronka nagusietako bat izango da hurrengo urteetan. Horiek horrela, planean jasotzen diren helburuen jarraipenerako egitura propioa badago ere, sail bakoitzak berari dagozkion helburuen ardura hartuko du eta jarraipena egingo du. Bide horretan Euskara Zerbitzuaren laguntza izango dute.
Zenbatek ulertzen dute euskara Donostian?
Donostiako euskararen kale erabileraren datuak jasotzen ditu planak. Datu hauek Soziolinguistika Klusterrak 1989tik 2016ra egindako zazpi kale neurketetan jasotakoak dira, adin tarteka eta generoka sailkatuta. Ordutik lau urte pasa dira eta ez da ikerketa berririk egin. Duela bi urte, IRUTXULOKO HITZAk euskara ulertzen dutenen mapa osatu zuen, eta donostiarren ia bi herenek euskara ulertzen dutela azpimarratu. Hemen duzue informazioa eta mapa.