Reala lehenengoa da Ligan
Jokalariak atzoko goletako bat ospatzen. (Argazkia: Reala) Realeko mutilek partida ona jokatu zuten Betisen kontra, baita 0 eta 3 irabazi ere. Portuk, Oiartzabalek —penaltiz— eta Januzajek eskuratu zituzten golak. Horri esker, ligako lider dira, nahiz eta hainbat taldek partida bat edo bi gutxiago jokatu izan.
Emakumezkoen ligan, Realak azkeneko momentuan lortu zuen Levanteren kontrako garaipena. Irabazten hasi zen Natalia Arroyosen taldea Nerea Eizagirreren gol bati esker, baina ondoren, Levantek buelta eman zion partidari eta aurretik jarri ziren. Barbara Latorrek berdindu ostean, azkeneko unean Ceciliak gola egin eta Zubietan geratu zen garaipena.
Eskubaloian, Bera Berak Malagaren kontra berdindu zuen. Malagak aurkari zaila izango dela erakutsi zuen zelaian, eta Imanol Alvarezen taldea ez zen eroso sentitu. Bi taldeek hiru partida irabazi eta bat berdindu dute, eta ligako lehenak dira.
Saskibaloian, Gipuzkoa Basketek Obradoiroren kontra galdu zuen. Taldeak defentsan dituen arazoak nabarmenak dira, eta horiek agerian geratu ziren beste behin Obradoiroren kontrako partidan. Bestalde, Ibaeta Basket garaipenetik 4 puntura geratu zen. Amaierara arte borrokatu zuten donostiarrek, baina azkenean Al-Kázeres Extremadurak irabazi zuen.
Belar Hockeyan, Realak Poloren kontra 3 eta 1 galdu zuen. Talde katalana ligako zailenetako bat izan ohi da, eta hala erakutsi zuten partidan.
FUTBOLA
Emakumezkoen lehen maila, 2. jardunaldia
Reala 3 – Levante 2
Gizonezkoen lehen maila, 6. jardunaldia
Betis 0 – Reala 3
ESKUBALOIA
Emakumezkoen ohorezko maila, 4. jardunaldia
Bera Bera 21 – Malaga 21
BELAR HOCKEYA
Emakumezkoen lehen maila, 5. jardunaldia
RC Polo 3 – Reala 1
SASKIBALOIA
Gizonezkoen lehen maila, 5. jardunaldia
Obradoiro 85 – Gipuzkoa Basket 76
Emakumezkoen lehen maila, 4. jardunaldia
Al-Kázeres Extremadura 67 – Ibaeta Basket 63

