Dbuseko autobusetan ez da hidrogelik izango
Orain arte bezala, Dbuseko autobusetan ez da hidrogel ontzirik izango. El Diario Vasco egunkariak jaso duenez, gaia atzoko Gune Publikoen Batzordean jorratu zen. Marta Huarte Elkarrekin Podemoseko zinegotziak Dbuseko autobusetan jartzeko eskaera egin ondoren, Pilar Arana Mugikortasuneko zinegotziak azaldu zuen gaia Dbusekin ere jorratu dutela, baina aukera alde batera utzi dutela, hainbat arrazoi direla medio. Batetik, ontziak autobusetako sarreran jarriz gero, “jendea pilatuko litzateke”, baita “bidaia moteldu” ere; autobusaren erdiko partean jarrita, bidaiariek hara gerturatu beharko lukete, eta espazio hori desgaitasun fisikoa duten pertsonentzat edo haur kotxeentzat da. Azkenik, gela amaitzen denean, hura berriz jarri beharko litzateke, eta logistika arazoak izango lirateke.