Pandemian hildakoen omenezko kontzertua eskainiko du Easo Abesbatzak
Azaroaren 2an kontzertu berezia emango du Easo Abesbatzak San Bizente elizan, 20:15ean. Pandemia garaian hildakoen omenezko emanaldia izango da, eta Donostiako Udalarekin batera antolatu dute. “Omenaldi honen bidez, berriro ere, une zail hauetan utzi gaituzten herritar guztiak gogoratu nahi ditugu, baita haien familiei gure estimua erakutsi ere”, azaldu du Eneko Goia alkateak.
Kontzertuaren lehen zatian, Easo abesbatzak, Gorka Mirandak zuzenduta, Jesus Guridiren Requiem meza interpretatuko du, eta bigarrenean, Easo kapera gregorianistak hilen liturgiaren kantuak interpretatuko ditu, Demetrio Esnaolak zuzenduta.
Behar diren osasun neurriak beteko direla bermatzeko, kontzertuak toki kopuru mugatua izango du eta, beraz, ezinbestekoa izango da gonbidapena eskatzea –gehienez 2 pertsona bakoitzeko– Donostia Kulturaren webgunearen bidez. Eskuragarri dauden 240 gonbidapenak hilaren 21aren 14:00etatik aurrera eskatu ahal izango dira, lotura honetan. Eskatzaileek konfirmazio mezu elektroniko bat jasoko dute eta kontzertuaren sarreran izena eman beharko dute, baina ez da sarrera fisikorik izango.