Haurtxoko eta gaztelekuetako langileek elkarretaratzea egin dute Intxaurrondon, euren eskubideak aldarrikatzeko
Urtero bezala, Indarkeria matxistari aurre egiteko tresnak jardunaldia egiten ari dira gaur Intxaurrondo kultur etxean. Normalean, jardunaldi horretan haurtxoko eta gaztelekuetako langileek parte hartzen dute, baina aurten egoera oso bestelakoa da. Izan ere, horietako askok langabezian jarraitzen dute, eta udalak argitaratutako agiriak aurreikusten du aurrekontua %40 murriztea, lan ordu kopurua murriztea, hainbat langileren lanpostua ez bermatzea eta Parte Zaharreko haurtxokoa ixtea.
Egoera hori dela eta, irailetik protestan daramate Donostiako haurtxoko eta gaztelekuetako eta Martuteneko Etxarriene zentroko langileek, ELA eta LAB sindikatuen babesarekin. Eta gaur, aipatutako jardunaldia dela eta, Intxaurrondo kultur etxearen aurrean elkarretaratzea egin dute, euren eskubideak aldarrikatzeko. Hain zuzen ere, jardunaldi horretan Duñike Agirrezabalaga Berdintasuneko, Solidaritateko eta Eskubide Zibiletako zinegotziak, eta Gazteria arloko teknikariak parte hartu behar zuten.
Haurtxoko eta gaztelekuetako langileen egoerari buruzko erreportajea argitaratu zuen hedabide honek iraila hasieran.