Udal gobernuaren "urrats antidemokratiko berri bat" salatu dute EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak
EAJren eta PSE-EEren udal gobernuak udalbatzarren araudia aldatuko dute datorren astean. Hori salatzeko agerraldia egin dute EH Bilduren eta Elkarrekin Donostiaren udal taldeak. Urriko udalbatzarrean, bi neurri aldaketa onartuko dituzte. Batetik, kontrol mozioen kopurua “nabarmen” mugatuko dute, “gobernuari egin beharreko kontrola mugatuz”. Bestetik, udal gobernuak izango du beti azken hitza eztabaida guztietan, “udalbatzarrak oposizioaren lana kontrolatzeko tresna bihurtzeko asmo argiarekin”.
Udalbatzarrak bi eginkizun nagusi ditu: araudiak eta ordenantzak onartzea eta gobernuaren jarduna kontrolatzea. “Kontrol funtzio hori mugatzen denean, demokraziaren aurkako atzerapauso argia da”, salatu dute EH Bilduko bozeramaile Reyes Carrerek eta Elkarrekin Donostiako bozeramaile Aitzole Aranetak. “Azken hitza beti gobernuak izatea autoritarismoaren sintoma argia da. Eta, gainera, eztabaidaren funtsa baldintzatzen du, interpelatua interpelatzaile bihurtzen baita. Demokrazian guztiz onartezina da hau”, gaineratu dute.
“Hau ez da oposizioaren aurkako neurri bat bakarrik. Udal taldeok auzo elkarteen salaketak, kultur taldeen kexak eta partikularren proposamenak, besteak beste, ekarri ohi ditugu osoko bilkurara. Orain, are oztopo gehiago jarri nahi dituzte herritarren ahotsa osoko bilkurara irits ez dadin”, azpimarratu dute biek.
Bi udal taldeek adierazi dute udalbatzarraren araudia “bereziki atzerakoia” dela: “Donostia da batzordeak itxita mantentzen dituen euskal hiriburu bakarra; ezin da irudirik hartu, ez audiorik, eta ez da irekia herritarrentzat. Gainerako euskal hiriburuetan, batzordeak erabat irekiak dira komunikabideentzat eta streaming bidez ikus daitezke. Gainera, ezagunak dira herritarrek osoko bilkuretan zuzenean hitza hartzeko dituzten mugak, eta urte asko igaro dira herritarren hitzartzerik gabe pleno batean”.