Elkartzearen paradoxa
Gehienez sei pertsona elkartzea gomendatu dute arlo pribatu zein publikoan, duela gutxi arte hamarrekoa zenean muga. Eremu txikietan 400 pertsona bildu daitezke orain, eta 600 espazio irekietan. Pandemiari aurre egiteko prebentzio neurriak zorroztu dituzte, eta kontraesanez beteriko zenbakiak ezarri dituzte. Anoeta futbol estadioan 1.000 zale sartzeko eskaera egin zuen Realak, eta azkenik, 600 baimendu zizkioten. Asteartean, berriz, 218 ziklistarekin abiatu zen Espainiako Itzulia. Irundik atera ziren, eta Donostia zeharkatu zuten, elkarrekin. Azken helmuga, okerrik ezean, Madrilen izango dute, azaroaren 8an. Bide bazterretan, mendateetan eta helmugan jarraitzaileak ez pilatzeko eskatu dute antolatzaileek eta agintariek. Txirrindulariek, ordea, elkarrekin egingo dituzte 2.882,8 kilometroak.