"Gauza asko asmatu eta berrasmatu behar dira"
Datozen bost urteetarako Euskararen Plan Orokorra onartu du Donostiako Udalak, eta helburu orokorra da hirian euskara berreskuratzeko eta zabaltzeko bidean aurrera egitea. Donostiako gizartea osatzen duten eragileekin lankidetzan, udalak behar berrietara etengabe egokituz lan egingo du euskararen erabilera indartzeko.
Datozen urteak euskararentzat nolakoak izango dira?
Jon Insausti (J.I.): Orain arte zaila baldin bazen datozen urteetakoa aurreikustea, are zailagoa egiten da ziurgabetasunez betetako garai honetan. Arlo sozioekonomikoan, giza harremanetan edo bizitzeko ohituretan joera berriak eta eraldaketak izango ditugula irudikatzen ari gara, baina ziur ez dakigu ezer. Beraz, nahiago dut aukerez betetako urte moduan ikusi datozen lau urteak, eta ez arriskuz betetako urte moduan. Jakin behar dugu bizitzeko era berri horietara garaiz egokitzen eta hainbat aldaketa aldez aurretik sumatzen. Euskara gizarte kohesiorako tresna garrantzitsua izan daiteke.
Edurne Otamendi (E.O.): Azken urteetan globalizazioaren arauak izan dira jaun eta jabe. Baina orain ikusi da zein garrantzitsua den bertakoa, gertukoa eta zein garrantzitsua den gizartearen behar askori bertatik erantzutea eta hor euskarak funtsezko papera joka dezake. Horregatik etorkizun hurbila irudikatzen dut diskurtso berriak garatzeko, bide berriak eraikitzeko eta elkarlana indartzeko garai modura.
Pandemia garaian onartu da Euskararen Plan Orokorra, eta pandemia bera du hizpide. Berrasmatu kontzeptua aipatzen du datorrenari aurre egiteko.
J.I.: Uste dut baietz. Egun bizi dugun pandemia erabat aurreikusi ezina zen, bat-batean iritsi zaigu eta zailtasunak-zailtasun, egoerara moldatzea egokitu zaigu. Uste dut udala osatzen dugun guztiok, ordezkari politikoek zein langileek eta udalarekin ari diren eragile sozial guztiek erakutsi dutela aurrera egiteko gogoa eta nahia.
E.O.: Hizkuntza normalizazioari dagokionez, arlo instituzionalean zein gizarte mugimenduetan euskalgintzan dabilen edonori ez zaio arrotza egingo berrasmatu hitza. Hizkuntza baten biziberritze prozesuan gauza asko asmatu eta berrasmatu behar dira. Oporretan Euskaraz udalekuak jar ditzakegu adibidetzat, egoera berrira egokitu ziren lehenengoetakoak izan baitziren.
Pandemiak zenbat kalte egin diezaioke planaren helburu nagusiari?
E.O.: Nik hemen argi-ilunak ikusten ditut. Lehen kalte nabarmena euskararen erabileran itxialdiak ekarri digu. Hain zuzen ere, etxean geratu diren haur eta gazte askok eta askok ez dute euskararik entzun ikastetxera joan gabe egon diren artean. Hezkuntza sistema arautua laguntzeko dauzkagun egitasmo nagusiak abian jartzen ari gara ikastetxeetan une honetan, behar berrietara egokitutako Haurrak Beti Jolasean egitasmoa adibidez edo baita leku jakinetako erabilera ikerketak ere.
J.I.: Kalteak ekarri ditu, baina baita aukera berriak ere. Merkataritza eta ostalaritza jasaten ari den egoera gogor honetan, inoiz baino gehiago gertukoari, bertako bezeroari ari zaio garrantzia ematen. Eta hor, esate baterako, berebiziko garrantzia du euskarak. Berdin turismoarekin lotutako enpresa edo ekimenek ere, bertako bezeroa, ingurukoa dute jomugan. Une erabakigarria da alor hauetan normalizazioaren alde urrats bat egiteko eta etorkizunerako hizkuntza aniztasunaren praktikak behar bezala finkatzeko.
Hiru dira planaren zutabe nagusiak: ezagutza, erabilera eta sorkuntza. Bakoitzerako zein helburu zehatz aurreikusten dituzue?
E.O.: Hizkuntza aukeratzeko pertsona guztien askatasuna bermatzekotan, ulermena orokortzea ezinbestekoa da. Izan ere, bi pertsonen arteko komunikazioan, bakoitzak berdintasunean gauzatu ahal izango du bere hizkuntza hautua besteak gutxienez ulertzen baldin badu. Donostian oraindik badago gizartearen zati bat euskararen ezagutzarik ez duena; adin bat duten pertsonak, euskarazko ereduetan ikasi ez dutenak edo hirira etorri berri direnak. Aipatu kolektiboetan erabilera areagotzeko, edo gutxienez ulermena lortzera iristeko neurriak eta bitartekoak jartzea beharrezkoa ikusten dugu.
J.I.: Hizkuntza baten erabileran faktore askok eragiten dute: hiztunen kopuruak, hiztunek duten gaitasunak eta inguruan euskaraz egiteko dauzkaten aukerak, besteak beste. Horrela, familian, lagunartean, auzoan, kalean, aisialdian, lan munduan, teknologia berrietan edo administrazioan, berariaz sortu behar dira erabilera ahalbidetuko duten esparruak, hau da, euskarak funtzio nagusiak izango dituen esparruak. Zentzu honetan iruditzen zaigu udal administrazioan urratsak egin daitezkeela euskararentzat espazioak lortuz, pixkanaka, euskararen arnasgune bilakatu dadin. Sorkuntzari dagokionez, euskarazko kalitatezko sorkuntza sustatu eta babesteaz gain, euskarazko kontsumoa indartu behar da euskal kulturaren industriari, ekoizleei eta sortzaileei bideak irekiz.
Kale erabileraren azken datuak 2016koak dira. Datu horiek berritzeko asmoa duzue?
E.O.: Kale erabileraren neurketa bost urtez behin egiten da Euskal Herri osoan. Soziolinguistika Klusterrak egiten du lan hori erakunde publiko gehienen lankidetzarekin. Neurketa horrekin lurraldekako emaitzak eskuratzen dira, eta udalerriko datuak lortzeko diseinu propioak egiten dira; tokian tokiko errealitatera egokitutako neurketa guneak identifikatu eta ordu gehiagoko datu bilketa egin ohi da. Aurreko neurketetan Donostiako Udalak eta Soziolinguistika Klusterrak zehatz-mehatz diseinatu izan dute lana Donostia osoko datuak eta auzoz-auzokoak lortu ahal izateko. Horren ondoren, datu guztien irakurketa garatua egiten du Klusterrak. Gauzak horrela, hasiak gara Klusterrarekin lanean 2021eko neurketari ekiteko.
Kulturgintza nabarmen zigortu du pandemiak. Beraz, laguntza berezituagoa beharko du sorkuntzak?
J.I.: Bai. Eta horretan badugu zuzenean eragiteko ahalmena, Udala kultur programatzaile indartsua delako. Ezin dugu ahaztu Donostia dela kultur arloan euskarazko eduki gehien eskaintzen duen udalerria. Bai liburutegi, museo, antzerki, literatura edo musikan. Itxialdi garaian esfortzu berezia egin zen DK Etxean programa martxan jartzeko, non bertako kultur sortzaileek bazuten bere tartea. Edo haurrei bideratutako Ipuinaren Ordua. Behin kultur ekipamenduak zabaltzeko aukera egon denean handia izan da euskarazko edukien presentzia, baita publikoaren erantzuna ere. Zorionez, behin baino gehiagotan jarri behar izan dugu «Agortuta» euskarazko eskaintzaren ondoan. Arlo honetan, eta udaletik, egin dezakegun ekarpen onena eta eraginkorrena kultura programatzen jarraitzea da.
Donostian euskararen normalizazioa sustatzen duten hedabideak garrantzitsuak direla uste duzue?
J.I.: Bai, noski, garrantzitsuak dira eta erreferentzialtasun eta lehiakortasun handiagoa izan dezaten lortzeko lan egin behar dugu. Horretarako, gizarte eragileen eta administrazio publikoen arteko adostasun zabala ezinbestekoa iruditzen zait, finantzaketa hutsean oinarrituko ez dena. Oro har, sakoneko hausnarketa baten premia dagoela uste dut. Beste zenbait eskualdetan egin den moduan, hedabide hauek beraien arteko lankidetzaren aldeko apustua egin beharko luketela iruditzen zait, tokiko euskarazko proiektu komunikatibo sendo bat sortzeko euskararen hiriburuan.
Hedabide horiekin duzuen lankidetza indartzeko asmoa duzue?
J.I.: Elkarlanak proiektuak diruz laguntzea baino zerbait gehiago izan behar du, eta alde batetik zein bestetik lankidetzarako bideak eraiki behar direla uste dugu.