Iztuetako zubibidearen eraisketa prozesua urtarrilean hasiko da
Pandemiaren eraginez, martxotik uztailera atzeratu zuten Egiako pasabidea botatzeko lehen fasea. Urtea bukatu aurretik jaitsiko dute galtzadaren altuera, eta tren zerbitzuaren mozketak adostuko dituzte Adifekin. Martxoan edo apirilean izango dira mozketa horiek.
Lau hilabeteko atzerapenarekin hasi zituzten Iztuetako zubibidea eraisteko lanak. Auzotarrei bidalitako txostenean jartzen duena ezin izango du bete Donostiako Udalak. Martxorako aurreikusita zegoen lanen hasiera, baina COVID-19aren ondorioz atzeratu behar izan dituzte obraren fase guztiak. «Konplexua eta luzea izango da», adierazi dute udaleko iturriak. Une honetan, lehenengoa bukatzen ari dira: ur, argi, gas eta telefono zerbitzuen desbideraketa. Bereziki, hainbat oztopo izan dituzte telefono konpainiekin. Uztailean hasi ziren lan horiekin, eta aurreikusitako lau asteak aspaldi gainditu zituzten.
Bigarren fasea apirilean abian jartzeko asmoa zuen udalak, baina oraindik denbora gehiago beharko dute. Galtzadako altuera jaistea da bigarren fasearen oinarria, eta Hiri Proiektuen sailaren arabera, urtea bukatu baino lehen egingo dute. Aurrera eramateko hainbat aldaketa egin beharko dituzte eremuan. Tomas Gros kalearen noranzkoa aldatuko dute, eta Iparragirre kaleak bi noranzko izango ditu. Iztueta kaleak ez du irteerarik izango. Horrekin batera, Zuhaizti plazako eta Iztueta kaleko aparkalekuak kenduko dituzte. Lur azpiko zabor edukiontzien zerbitzua bertan behera geratuko da, eta horien ordez edukiontzi batzuk jarriko dituzte.
Tren zerbitzuaren mozketak
Zubibidea botatzeko lanak urtarrila inguruan hasiko direla uste du udalak. Hori da hirugarren fasearen oinarria, trenbideko zubi berriaren eta biribilgune berriaren eraikuntzarekin batera. Horren aurretik, udala Adifek hitz egiten ari da tren zerbitzuaren mozketak adosteko. Martxoan edo apirilean izango dira mozketa horiek, baina ez dute argitu zenbaterainoko afekzioak sortuko dizkieten erabiltzaileei.
Lanak bukatzeko epea gehiago luzatzen ez bada, Iztuetako proiektua datorren udarako bukatuta egongo dela dio udalak.