Ordezkari politikoak, alokairuari buruz
Udal gobernuak prezio altuak daudela aitortu du, eta babes ofizialeko etxeen alde egin du. Alokairuaren prezioa erregulatzea ez dute planteatu. Aldiz, oposizioak udal gobernuaren politika kritikatu du. Alokairuaren prezio altuen aurrean, prezioak mugatzearen alde egin dute EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak. PPk, berriz, Alokabide modernizatu behar dela uste du.
Nekane Arzallus, Hirigintza Sostengagarriko zinegotzi ordezkaria eta EAJ alderdiko kidea
“Alokairua arautzea ez dago udalaren esku”
Zein da alokairuen egoera Donostian?
Etxebizitza da herritarren kezka nagusietako bat, bereziki Donostia bezalako hiri batean, prezio altuek etxebizitza duin bat prezio egokian eskuratzea eragozten dietelako herritar askori. Donostian 5.888 alokairu-kontratu daude ofizialki erroldatuta. Alokairuen batez besteko prezioa 859 eurokoa da hilabetean, baina Aiete-Lugaritzentzat 1.023 eurokoa da, eta Martutenerentzat 657,9 eurokoa. Bataren eta bestearen artean % 55eko aldea dago, eta Mirakontxa edo Ondarreta kontuan hartzen baditugu, kopuruak gora egiten du.
Zein neurri ari da udala hartzen egoera horren aurrean?
Udal hau aitzindaria izan da beti etxebizitza babestuari dagokionez, eta biztanle bakoitzeko euro gehiago inbertitu ditu alokairu babestuan Euskadiko beste edozein udalerritan baino. Gainera, gogoratu behar dugu Etxegintzako babes ofizialeko etxebizitzen errentamendu-prezioak bizikidetza-unitateen diru-sarreren arabera ezartzen direla.
Zer dago egiteko oraindik?
Donostiako Udalak 2019ko Etxebizitza Plana onartu du, eta hurrengo urteetarako ekintza-ildoak ondorengoak dira: udaleko babes publikoko bizitegi sistemako alokairurako baliabideak bizitegiaren ikuspegitik aparteko zaurgarritasun-egoeran dauden kolektiboetara bideratzea; kolektiborik ahulenei etxebizitza eskuratzen laguntzea, arrazoizko errentako alokairurako etxebizitzen eskaintza handituta; pertsonen premia aldakorrei erantzutea eta bizitzako ibilbideetan laguntzea; eta etxebizitzaren arloan informazio eta aholkularitza zerbitzu integrala eskaintzea, besteak beste. Dena den, alokairua arautzea ez dago udalaren esku: Espainiako Gobernuak du horren eskumena.
Marisol Garmendia, Bigarren alkateordea, Gune Publikoetako eta Hiri Proiektuetako zinegotzia eta PSE-EE-ko kidea
“Hiria hazi daitekeen eremuetan alokairuko etxebizitzen garapen berriak planifikatzen jarraitu behar dugu”
Zein da alokairuen egoera Donostian?
Donostiak, azken urteotan, alokairuko etxebizitza babestuaren arloko politikak garatu ditu, ordura arte azalera-eskubidea saltzeko edo lagatzeko zeuden politikak aldatuz. Udal gisa, dauzkagun mekanismoak legeak ezartzen dituenak dira, bai Estatutik datozenak, bai Eusko Jaurlaritzarenak. Merkatu librearen egoerak, hiriko lurzoru-eskasiak eta beste elementu batzuek baldintzatzen dute hiriaren eskaera sekular bati emandako erantzuna, nahiz eta administrazio publikoen ahaleginak alokairua erraztuko duten etxebizitza-politikak garatzera bideratuta dauden.
Zein neurri ari da udala hartzen egoera horren aurrean?
Bi alderdiko gobernu bateko kide gara, eta, legegintzaldi honetan, Hirigintza EAJren ardura da. Hala ere, bai aurreko legealdian, bai oraingo honetan, apustua irmoa da. Modu aitzindarian onartu ditugu, alokairu-erregimenean, gazteentzako eta adinekoentzako tutoretzapeko apartamentuak, eta, besteak beste, Infernuko garapenak planifikatu dira, alokairu-erregimeneko babes ofizialeko etxebizitzen zuzkidurarekin.
Zer dago egiteko oraindik?
Hirigintzaren ikuspegitik hiria hazi daitekeen eremuetan alokairuko etxebizitzen garapen berriak lantzen eta planifikatzen jarraitzea, eta etxebizitza publikoen parkea eraginkortasunez kudeatzea, bereziki alokairura bideratuz eta onartutako plangintzak gauzatuz. Plangintza horiek beharrei erantzuteko gauzatuko dira. Etxebizitzen jabeengan konfiantza eta segurtasuna sortzen lagundu behar dugu, alokairuaren alde egin dezaten.
Reyes Carrere, EH Bilduren udal taldeko bozeramailea
“Uste dugu funtsezkoa dela alokairuaren prezioa mugatzea”
Zein da alokairuaren egoera Donostian?
Alokairuko etxebizitzen prezioak gorakada handia izan du azken urteotan Donostian, eta, ondorioz, donostiar asko euren auzoetatik kanporatzen ari dira. Arazo horren atzean etxebizitzekin, eta batez ere, pisu turistikoekin egiten den espekulazioa dago. Erdialdea, Gros, Antigua eta beste etxebizitza turistikoz bete dira. Eskaintzaren eta eskariaren legea da. Baina Udalak pisu turistikoak arautzeko eta mugatzeko ardura zuen, eta kontrakoa egin du, araudia malgutzea. Gainera, azken hilabeteetan Azora eta Blackstone bezalako funts putreak iritsi dira Donostiara negozio errazaren bila, eta guztira 831 familia bizi dira espekulazio basatiaren mehatxupean.
Zein da EH Bilduren iritzia udala hartzen ari den (edo ez den) neurrien inguruan?
Oso pobrea. Alokairuko etxebizitza eskatzen ari diren donostiarren kopuruari buruz ezagutzen ditugun azken datuen arabera, Txomineneko alokairu sozialerako izena eman dutenak 9.400 inguru dira. Eneko Goiaren alkatetzaren bost urtetan Donostian 162 alokairuzko babestutako etxebizitza baino ez dira eskaini, eta ez dirudi legealdi honetan Etxegintzak gehiago egingo dituenik.
Zeintzuk dira EH Bilduren proposamenak alokairuaren alorrean Donostia mailan?
Donostiako Udalak har ditzakeen neurriez gain (pisu turistikoak mugatzea, etxebizitza babestuen udal-parkea handitzea, etxe hutsak alokairuzko merkatura ateratzeko neurriak…), uste dugu funtsezkoa dela alokairuaren prezioa mugatzea. Ildo horretan, EH Bilduk lege-proposamen bat aurkeztu berri du Eusko Legebiltzarrean.
Aitzole Araneta, Elkarrekin Donostiaren udal taldearen bozeramailea
“Euskal Etxebizitzaren Legea Donostian aplikatzea ezinbestekoa da”
Zein da alokairuaren egoera Donostian?
Oso txarra. Donostia Estatuko hiri garestienetakoa da, baita alokairuari dagokionean ere. Eta hori biztanlegoarentzat arazo bat da. Pandemia garaian, etxebizitza izan da orain arteko txerto eraginkor bakarra ehuneko ehunean, eta guztientzat eskuragarri egon behar du, batez ere jendea babesteko. Hiri honetan frogatuta dago etxebizitza ez dagoela eskuragarri guztientzat.
Zein da Elkarrekin Donostiaren iritzia udala hartzen ari den (edo ez den) neurrien inguruan?
Ez dago politika aktiborik alokairuaren prezioari eusteko (hau da, ez igotzeko), ezta jaisteko ere, babes ofizialeko etxe gutxi batzuen sustapenetik haratago. Gainera, babes ofizialeko etxeen sustapen horrek ez du hiriko eskari guztia estaltzen, eta ez dago prezio murrizketarik ezta alokairu sozialeko parkea handitzeko ere. Adibidez, Txominenean babes ofizialeko etxeen promozioan ia 7.000 pertsonak eman zuten izena, eta atera ziren alokairuko etxebizitzak 1.200 ziren. Horrekin argi eta garbi geratzen da zein den donostiarrek daukaten beharra, eta ez dagoela planteamendu egoki bat babes ofizialeko etxeen parkeari dagokionean.
Zeintzuk dira Elkarrekin Donostiaren proposamenak alokairuaren alorrean Donostian?
Euskal Etxebizitzaren Legea Donostian aplikatzea ezinbestekotzat jotzen dugu. Oso garrantzitsua da alokairuaren prezioak mugatu ahalko lituzkelako. Legea onartuta badago ere, ez da inolako garapenik egin lege hori aplikatu dadin. Udalari dagokionez, Donostian dauden etxebizitza huts guztiak merkatura atera beharko liratekeela uste dugu, eta alokairu sozial bihurtzeko neurriak aplikatu behar dira. Donostian etxebizitza huts bat izatearen ondoriozko errekargua ere proposatu dugu. Alokairu sozialaren aldeko apustua egiten dugu.
Borja Corominas, Alderdi Popularreko zinegotzia
“Kanpoko finantzaketa bilatuko genuke alokairu soziala sustatzeko”
Zein da alokairuaren egoera Donostian?
Hiriak dituen egiturazko arazo nagusienetakoak lur eskasia eta etxebizitzaren prezioa dira. Etxebizitzari dagokionean, Espainiako hiri garestiena da. Gaur egun 11.500 etxebizitza daude alokatuta, eta 8.000 inguruk alokatzeko aukera izan dezakete. Baina arazo handia dago alokairuaren prezioarekin: 1.300 euro balio du batez beste alokairuak, hilabetean. Oso datu larriak dira, eta pertsona gazteei eta adinekoei eragiten die. Udalak ez ditu beharko lukeen erritmoan sustatzen alokairuko etxebizitzak, eta urtetik urtera arazoa okerrera doa.
Zein da Donostiako Alderdi Popularraren iritzia udala hartzen ari den (edo ez den) neurrien inguruan?
2000. urtetik Donostian alokairu sozialeko 916 etxebizitza eraiki dituzte soilik. Azkenekoak Txominenan, eta oraindik ez dituzte esleitu. Aukeratu den eredua errentagarria zela pentsatu zen instituzioentzat eta promotoreentzat, eta alokairua garestia da, administrazio publikoak mantendu beharko zuelako. Eredu horrekin amaitu behar da. Udalari asko kostatzen ari zaio inertzia batekin puskatzea: babes ofizialeko etxeak eraikitzen dituzte, baina ez alokairu erregimenean.
Zeintzuk dira Alderdi Popularraren proposamenak alokairuaren alorrean Donostian?
Kanpoko finantzaketa bilatuko genuke alokairu soziala sustatzeko: Foru Aldunditik, Eusko Jaurlaritzatik eta Europako funtsetatik ere lortuko genuke finantzaketa, ez soilik udalaren diru-sarreretatik. Bestetik, lizentzien tramitazioa arindu beharko litzateke, lizentziak ez daitezen hain astunak izan. Alokabideri baliabide gehiago eman beharko zaizkio, modernizatu dadin eta merkatura alokairuko etxebizitza gehiago atera ditzan.