Donostia "zona gorria" dela baieztatu du Goiak, eta neurri berrien zain dago
(Argazkia: Iñaki Agirre) Hedabide batzuek goizean informazioa aurreratu ostean, Eneko Goia alkateak agerraldia egin du udaletxean, eta Donostia gune gorri direlakoetako bat dela baieztatu du. Alkateak azaldu du hiriak asteburuan gainditu duela 100.000 biztanleko 500 kasu positiboen langa (azken egunak hartzen dira erreferentzia gisa). “Azken egunotako datuen eboluzioa ikusita, aurreikusten genuen egoera honetara iritsiko ginela, horregatik, udaleko koordinazio taldea joan den astean bildu zen, aurreikuspenak egiteko”, adierazi du Goiak. Bestalde, hiritarrak arduraz jokatzera deitu ditu alkateak, “osasun sistemak kolapsatu ez dezan”. Horretaz gain, neurri berriak indarrean sartu bitartean, herritarrei gomendioak betetzeko eskatu die.
Hain zuzen, gune gorri gisa izendatutako gainontzeko udalerrietan hartutako neurriak Donostian ere hartuko dituztela aurreikusi du koordinazio taldeak: “Ostalaritza 21:00etan ixtea eta kale eta gune publikoetan 21:00etatik aurrera egon ezin izatea”. Hala ere, Goiak azpimarratu du Eusko Jaurlaritza bilduta dagoela, eta 12:30etik aurrera jakingo direla erkidegoko datu eta neurri berriak. Horren harira, Eusko Jaurlaritzak “adituak” dituela eta eurek hartutako erabakiak “eraginkorrak” izango direla nabarmendu du alkateak: “Hiriaren itxiera perimetrala ezartzen badute, guri neurri hori eta beste guztiak betetzea egokituko zaigu; hala erabakitzen badute eraginkorra izango delako baita”. Izan ere, igandean Espainiako Gobernuak ezarritako alarma egoeraren ondoren, Eusko Jaurlaritzak neurri berriak iragarriko ditu datozen orduetan.
Azken egunotako datuak “oso larriak” zirela nabarmendu du alkateak: “480ko intzidentziarekin kezkatuta nengoen dagoeneko, 500eko langa gainditzea xehetasun tekniko bat baino ez da eta”. Era berean, Donostia kasu bakarra ez dela azpimarratu du alkateak: “Arazoa ez da Donostia gune gorrian sartu dela, Euskal Autonomia Erkidegoko kasu kopuruak gora jarraitzen duela baizik”.
Egoera berria ikusita, alkateak ez du aurreikuspenik egin nahi izan Gabonen inguruan, baina nabarmendu du ez direla ohikoak izango, eta herritarrak egoera berri honetara egokitu beharko direla.

