ETSk zundaketak egingo ditu Kontxako hondartzan metroaren lanekin jarraitzeko
Metroaren igarobidearen Mirakontxa-Easo zatiko obra eten ostean, lanekin jarraitzeko proiektu berri bat idazten ari da Euskal Trenbide Sarea. Horretarako, zundaketak egingo dituzte Kontxako hondartzan, Noticias de Gipuzkoa egunkariak jakitera eman duenez.
ETSren asmoa da tunela zulatzen jarraitzea. Une honetan, tramite administrazioak bukatzen ari dira, eta Kostaldeko Zuzendaritzaren baimena beharko dute hondartzan zundaketak egiteko. Zehazki, lur azpirainoko zuloak egingo dituzte; zehazki, metroa pasako den tuneleraino. Azterketa horiekin proiektu berri bat idatziko dute.
Gainkostua
Mirakontxa-Easo zatiko obrarekin jarraitzeko kontratu berri bat lizitatu beharko du ETSk, gainkostu nabarmena izango duelako. Iñaki Arriola sailburuak %70 ingurukoa izango zela adierazi zuen obrara egindako bisitan, baina ELAk eta EH Bilduk askoz ere handiagoa izango dela aurreikusten dute. EH Bilduren udal taldeak aurkezturiko ikerketa baten arabera, gainkostua %100koa izango da. Metroaren igarobidearen bigarren zatia 53,2 milioi euroan adjudikatu zuten –lizitazio prezioa baino %23 gutxiago–.
Proiektu berria urtea bukatu baino lehen bukatzea aurreikusten du ETSk. Ondoren, lanak adjudikatu beharko dituzte, eta datorren urteko maiatzerako lanekin berriz ere hastea espero dute.