Santu Guztien egunean herritarrak hilerrietara lehenago eta era mailakatuan joatea eskatu du udalak
Alarma egoera dela eta, Eusko Jaurlaritzak neurri berriak ezarri ditu, eta ondorioz azaroaren 1erako aldaketa batzuk egin ditu udalak.
Donostiako Udalak udal hilerrien zerbitzuak antolatu ditu azaroaren 1eko Santu Guztien egunari begira. COVID-19aren eraginez, herritarren ohiko asistentzia segurua ahalbidetzeko neurriak hartu dituzte. Ahal den neurrian, Polloe, Altza eta Igeldoko hilerrietara lehenago eta era mailakatuan joatea eskatu du, azken orduko pilaketak saihesteko. Era berean, udalak herritarrei gomendatu die azaroaren 1a baino lehenago joateko hilerrietara.
Espainiako Gobernuak ezarritako alarma egoera dela eta, Eusko Jaurlaritzaren neurri berriak aplikatuko ditu Donostiako Udalak:
- Lurperaketen kasuan, gehienez 30 pertsona egon ahal izango dira hildakoaren agurrean, eta maskarak erabiltzea derrigorrezkoa izango da.
- Polloeko errausketa labeari dagokionez, aretoaren barruan 10 pertsona egon ahal izango dira hildakoaren agurrean. Aretoan maskarak erabiltzea derrigorrezkoa izango da eta sarreran gel hidroalkoholikoa egongo da eskuragarri.
- Altzako beilatokiko aretoaren barruan 6 pertsona egon daitezke, eta kanpoan 24 gehiago. Beilatokian, nahitaezkoa izango da maskarak erabiltzea; Polloek, berriz, gel hidroalkoholikoa emango du, sarreran eskuragarri egongo dena.
Udal hilerriak azarotik martxora egunero daude irekita 8:00etatik 20:00etara. Polloeko nitxoen gunea 8:00etatik 13:30era egongo da irekita, urriaren 26tik urriaren 31ra arte, eta egun osoan zehar, azaroaren 1ean. Hilerrietan udaltzainak egongo dira laguntzeko, bisitaldian segurtasuna bermatzeko eta pertsonentzako arrisku egoerak saihesteko.
Gomendio eta betebeharrak
- Herritarrei gomendatzen zaie hilerrira gehienez sei pertsonetako taldeetan joatea. Eta hilerrian gehienez ere ordubeteko iraupena izatea.
- Hilerrian maskara erabiltzea beharrezkoa da. Nahitaez erabili behar dute sei urtetik gorako pertsonek, pertsonen arteko distantzia edozein dela ere, baita bide publikoan eta aire zabaleko espazioetan daudenean ere, eta pertsonen arteko segurtasun-tartea gutxienez 1,5 metrokoa izateko betebeharrari kalterik egin gabe.
- Udaltzaingoak une oro kontrolatuko du hilerriaren edukiera, eta udal-hilerrietarako sarbidea aldi baterako etetea agindu ahal izango du, hilerriaren barruan pilaketarik egon ez dadin.
- Hilerrirako sarbideetan informazio kartelak jarriko dira bisitariek COVID-19aren inguruan hartu beharreko higiene- eta segurtasun-neurriak azalduz.
Polloeren kasuan, Egiako sarbidean bi ate bereizita aurreikusten dira: bata, sartzeko eta bestea, irteteko. Intxaurrondoko sarbidean ate bakarra dagoenez, sarrera eskuinaldetik izango da eta irteera, ezkerraldetik. Horrez gain, nitxoen eremuan, sartzeko eta irteteko ateak egongo dira. Altzako hilerriari dagokionez, sarbidea eskuinetik egingo da eta ezkerretik, irteera.
Udal hilerrietan garbitasun, higiene, desinfekzio eta prebentzio neurri egokiak hartu dira. Hala ere, urriaren 30ean eta 31n eta azaroaren 1ean, Polloeko komunak garbitzeko zerbitzua indartuko da.
Hilen meza azaroaren 2an, astelehenean, egingo da, 12:00etan, Polloeko kaperan. Kaperarako sarbidearen edukiera kontrolatuko da, eta gehienez 45 pertsonakoa izango da. Meza egiten dutenei dagokie edukiera kudeatzeko ardura.