EH Bildu eta Elkarrekin Donostia kritiko agertu dira udal gobernuaren hiri ereduarekin

Donostiako Udalbatza osatzen duten alderdiak azken urtearen balorazioa egiten ari dira Politika Orokorreko ezohiko udalbatzarrean. Oposizioko hiru udal taldeek ez dute bat egin Eneko Goia alkateak egindako irakurketarekin, eta udal gobernuaren hiri ereduarekin. COVID-19aren eraginez hildako pertsonengatik, minutu bateko isilunea egin dute udal batzar aretoan, EH Bilduren ekimenez.
Elkarrekin Donostiak etxebizitzaren irisgarritasunean, zaintzan, zerbitzu publikoetan eta enpleguan oinarritutako hiri eredua aldarrikatu du. Horrekin batera, EAJren eta PSE-EEren hiri proiektua kritikatu du Aitzole Araneta bozeramaileak: “Betikora itzultzeko krisia lehenbailen pasa dadin presa duen proiektua da”.
EH Bilduk, berriz, pandemia garaian bi joera areagotu direla adierazi du. Batetik, “hiri eredu neoliberal bat”, eta, bestetik, “autoritarismoan oinarritutako gobernantza eredu bat”. Horiek horrela, Reyes Carrere bozeramaileak “hiri orekatuagoa” lortu eta “pertsonen bizitza erdian” jarriko duen eredu baten alde egiteko bost hutsune daudela nabarmendu du: etxebizitza, gizarte politika, enplegu duina bermatuko duen eredu sozioekonomiko iraunkorra, merkataritza eta ostalaritza eta mugikortasuna.