Eneko Goiak adierazi du gobernu programa dela pandemia egoerari aurre egiteko tresna
Donostiako Udalbatza Politika Orokorreko ezohiko udalbatzarra egiten ari da, eta Eneko Goia alkatea izan da goizean hitza hartzen lehena. Inbertsioak berriro egiteari eta udalaren finantza aurreikuspenei buruz aritu da, besteak beste. Horrekin batera, nabarmendu du pandemia egoerari aurre egiteko tresna EAJren eta PSE-EEren gobernu programa dela.
Hirian inbertsioak egiteko geldirik zeuden hainbat aurrekontu sail suspertuko ditu udal gobernuak; guztira, 13 milioi euro. Bestalde, udalak soberakinaren 6,7 milioi euro erabiliko ditu udal zerbitzuen maila mantentzeko, eta COVID-19aren krisiaren ondorioz sortutako hainbat beharri aurre egiteko. Era berean, ez du baztertzen finantzatzeko beste hainbat bide erabiltzea.
Diru sarreren gutxitzearen eragina udal kontuetan gutxi gorabehera 45 milioi eurokoa izango dela esan du Goiak. Aurreikuspen hori udaberriaren hasieran, hain zuzen ere, pandemiaren hasieran, egindakoa baino baikorragoa dela gaineratu du. Udalak Finantzatzeko Foru Funtsetik aurreikusitako diru sarreren gutxitzea txikiagoa izango da, eta beraz, udalak aurrekontuan zehaztutakoa baino 23 milioi euro gutxiago jasoko ditu. Udal tasa eta zergen bilketaren aurreikuspena gutxitu da, eta udalak aurreikusitakoa baino 8 milioi euro gutxiago galduko ditu. Bestalde, udalak 6 milioi euroko ezohiko dirusarrerak lortu ditu, eta gastu arruntari eutsi ahal izan dio oinarrizko zerbitzuak kaltetu gabe.
Hortaz, 2020rako aurreikusitako defizita, gaur egun, 40 eta 45 milioi euro artekoa dela adierazi du Goiak: “Defizita handia da, baina itxaropentsu gaude eta egoera ekonomikoari erabakigarritasunez aurre egiteko prest gaude. Horretarako, udal kontuetan ezohiko esfortzuak egingo ditugu donostiarrek merezi dituzten kalitatezko zerbitzuak mantentzeko”. Etorkizunari “zuhurtziaz” helduko dio udal gobernuak, Goiaren arabera. Udalak zuzenean kaltetuak izan diren sektoreei lagundu ahal izan diela azpimarratu du, eta “zuhurtzia” horren bidez ekonomia alorrean erabakiak ezin izan direla hartu “finantziazioaren helmuga” guztiz osatuta izan arte. Horrek bultzatu du udala inbertsioen egutegia moldatzera. “Ez diegu uko egiten hiriak aurrera egiten jarraitzeko behar dituen inbertsioei, baina beranduago egin beharko ditugu, egoera ekonomikoak hala behartuta”, esan du.
Mugarri nagusienak
Martxoan pandemia hasi zenetik, udalaren mugarri nagusienak zerrendatu ditu Goiak. “Nahiz eta gidoia aldatu behar izan dugun, duela urtebete EAJk eta PSE-EEk adostutako gobernu programaren helburuek inoiz baino indar handiagoa dute”. Ildo beretik, Goiak azpimarratu du etorkizunean udalaren eginkizunaren giltzarri iraunkortasuna izan behar duela, bai arlo sozialean, baita ekonomikoan eta ingurumen arloan ere.
Pandemiari aurre egiteko mezu bat helarazi dio komunitateari alkateak: “Elkarlanean, batera, aurre egin behar diogu egoerari. Gure ohiturak aldatu behar ditugu, eta kontsumitzen dugunean tokiko merkataritzan egin behar dugu; ostalariei lagundu behar diegu; musukoa jarri behar dugu; eskuak garbitu behar ditugu; eta hiriko kultura-jardueretan parte hartu behar dugu. Guztiok dugu zer egiteko, baita lokal baten edo etxebizitza baten jabeak ere, bertan bizi den edo bere jarduera ekonomikoa gauzatzen duenari alokairuekin lagunduz”.