Ostalariek manifestaziora deitu dute azaroaren 7rako
Gipuzkoako SOS Ostalaritza taldeak prentsaurrekoa eman du asteazken eguerdian Bulebarrean, azaroaren 7an Donostian egingo duten manifestazioa iragartzeko. Koronabirusaren bigarren olatuari aurre egiteko erakundeek hartutako neurriak direla eta, ostalaritza eta aisialdia “kinka larrian” daudela salatu dute, eta horregatik mobilizatuko dira; Donostiaz gain, Bilbon, Iruñean eta Gasteizen ere manifestazioak egingo dituzte egun eta ordu berean, 17:30ean. Donostiakoa Bulebarretik aterako da, manifestu bat irakurri ondoren.
Eguerdiko agerraldian azaldu dutenez, erakundeek hartutako neurriekin, ostalaritzaren sektorea “bortizki kolpatua” izaten ari da hilabeteotan, eta ostalariak “kalte ekonomiko larriak” pairatzen ari dira. Pandemiaren egoera “oso larria” dela onartu dute, baita neurriak hartzeko beharrarekin ados agertu ere, baina beste sektore batzuekin alderatuta, euren sektorean hartutako neurriak bereziki zorrotzak direla salatu dute: “Ez dugu ulertzen agintariek kutsatzeak ostalaritzarekin eta, batez ere, gaueko ostalaritzarekin lotzeko duten joera”. Ildo beretik, Espainiako Osasun Ministerioak argitaratutako txosten baten datuak eman dituzte: “FOQUS kontsultorak maiatzaren 11tik urriaren 16ra arteko datuekin egin zuen txosten hori, eta txostenaren arabera, tabernak eta jatetxeak seguruak dira, kasuen %2,3 soilik suposatzen baitute”.
Horregatik guztiagatik, hainbat eskaera egin dizkiete erankude publikoei: Eusko Jaurlaritzaren arau zorrotzak sektorea laguntzeko eta bultzatzeko neurriekin batera joateko; lokalen alokairuei eta hipotekei aurre egin ahal izateko, Espainiako Gobernuaren esku-hartzeko –Kataluniako eredua jarri dute, han lokalaren jabearen eta maizterraren arteko akordiorik ez baldin badago, gobernuak jabea alokairuaren prezioa %50 jaistera behartzen baitu–; presio fiskala jaisteko, udal tasak ostalarien diru-sarreren arabera jaitsiz; Enplegua Aldi Baterako Erregulatzeko Espedientea duten langileei dagokienean ordaintzeko eta ordaindu beharreko BEZ-a aldi baterako murrizteko. Era berean, udalerriak ixtearen neurriaren aurrean ere kritiko agertu dira ostalariak, lanera edo eskolara joateko mugitzeko aukera dagoen bitartean, aisialdirako debekatuta dagoelako; udalerriak itxiz gero, arlo guztietarako itxi behar direla aldarrikatu dute.
SOS Ostalaritza taldea
Abuztuan, Gipuzkoako 70 ostalaritza establezimenduk baino gehiagok kalera ateratzeko beharra ikusi zuten, erakundeak euren sektorea eta, bereziki, gaueko aisialdia kriminalizatzen eta euren negozioak arriskuan jartzen ari zirela salatzeko. Gaur egun, Hego Euskal Herri osoan daude antolatuta, eta Gipuzkoan 200 establezimendutik gora daude taldean. Hedabide honek Elena Guinea Aurresku tabernako arduraduna elkarrizketatu zuen abuztuan, euren aldarrikapenen berri izateko. Gipuzkoako Ostalaritza Elkartetik kanpo daude antolatuta, baina indarrak batzeko prest agertu dira.