3.200 pertsonak izena eman dute Behobia-Donostia birtualean parte hartzeko
Behobia-Donostia lasterketa birtuala hasteko lau egun besterik ez dira falta, eta hori dela eta, izen emate kopuruak gora egin du azkeneko asteetan. Orain arte, 3.200 pertsonak eman dute izena lasterketa birtual honen lehenengo edizioan parte hartzeko. Izena emateko epea azaroaren 5era arte dago zabalik.
Parte hartzaileen jatorriari dagokionez, ohikoa den bezala, Gipuzkoa da izen emate gehien erregistratu dituen tokia. Zehazki, 774 gipuzkoarrek izena eman dute. Horren atzetik, Madril eta Bartzelona daude, 395 izen ematerekin eta 384 izen ematerekin, hurrenez hurren. Gipuzkoa ondoren, Bizkaia (182 parte hartzailerekin) eta Nafarroa (136 parte hartzailerekin) dira parte hartzaile gehien dituzten Euskal Herriko herrialdeak. Bestalde, Espainiako estatutik kanpo, Frantzia da ordezkari gehien izango dituen estatua, 61 pertsonak izena eman baitute.
Behobia birtuala joan den astean aurkeztu zuten, eta han azaldu zituzten xehetasunak. Besteak beste, aurrez aurreko lasterketaren giro soinua izango du birtualak —betiere ibilbidea aplikazioarekin eta entzungailuekin egiten bada—, eta poltsa ere banatuko dute —digitala, kasu honetan—. Aurrez aurrekoan ez bezala, edonork parte har dezake, helburua baita 20 kilometroak 7 eguneko epean egitea, korrika zein oinez. Lasterketaz gain, aurten ere azoka izango da, hau ere birtuala.
Behobia-Donostia Gipuzkoako lasterketarik garrantzitsuenetakoa da. Are gehiago, lasterketa bat baino gehiago izan ohi da, eta izugarrizko giroa sortzen du. COVID-19a dela eta, aurtengo edizioan aurrez aurreko lasterketarik ez da izango, eta horren ondorioak ere pairatu beharko ditu Fortuna kirol elkarteak. IRUTXULOKO HITZAk Iñigo Etxeberria lasterketaren barne koordinatzailearekin hitz egin du, eta bizi duten egoera, hartutako erabakiak, aurtengo lasterketa, eta Behobiaren etorkizuna izan ditu hizpide. Elkarrizketa osoa bihar irakurri ahalko da, bai astekarian, baita webgunean ere.