Borroka sozialen egoitza izan zenekoa
2018ko maiatzean astebetez okupatu zutenerako 16 urte zeramatzan hutsik Idiakez kaleko 6. zenbakiko eraikinak. Egun horietan Donostian Turismoaren Munduko Goi Bilera egiten ari ziren, eta horri eta ordezkatzen zuen hiri ereduari eta bizi ereduari aurre egiteko Borroka Sozialen Astea antolatu zuten hainbat herri mugimenduk. Horretarako, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren egoitza zena okupatu zuten ekimenak iraun zuen bitartean.
Maiatzaren 19ko goizean Bulebarretik abiatu zen kalejiran jende andana bildu zen, batzuk mozorrotuta, giro alaian, Idiakez kaleko eraikin publikoraino. Behin bertara iritsita “Herri boterea” aldarrikatzen zuen pankarta eseki zuten. Horrela eman zitzaion hasiera Bizitza Da Handiena mugimenduak deitutako Borroka Sozialen Asteari. Orotara 63 eragile batu ziren Bizitza Da Handiena mugimenduaren ekimenera. Astebetez borroka sozialen egoitza izan zen Idiakez kaleko eraikina, askotariko borroka eta herri mugimendu batzeko gune, nahiz eta protestak eta ekimenak hiri osora zabaldu ziren.
Irutxuloko Hitzak okupazioaren eta Borroka Sozialen Astearen jarraipena egin zuen.