Reala Napoliren kontra jokatzeko gogotsu dago
Reala gogotsu dago gaur gaueko partidarako. Ez da gutxiagorako. Talde historikoa izango du aurrean, UEFA eta Italiako ligako irabazi dituena: Napoli. “Partida zaila” izango dela nabarmendu du Imanol Alguacilek. Izan ere, Realeko entrenatzaileak azpimarratu duenez “Italiako liga irabazteko taldea osatu dute, baita Europa ligako finalera iristeko modukoa ere”. Hala ere, Reala ez da txiki sentitzen. “Apaltasunez, baina irabazteko nahiaz” arituko dira Alguacilen ustez, eta “aurre egingo dion talde bat aurkituko du” Gattusoren taldeak, batik bat “jokalariak nola dauden ikusita.
Ligan eta Europa ligan bide onetik jarraitu nahi dute txuri urdinek. Hala adierazi du Aritz Elustondok. Hain zuzen ere, Ligan liderra da Reala une honetan, eta Europa Ligan lehen partida irabaztea lortu zuten, Rijekaren kontra.
Berri txarra: oraingoan ere, zaleek partida etxetik ikusi beharko dute. “Beraien animoak faltan somatzen ditugu. Gogorra izan da orain arte, eta ohitu besterik ez dugu. Bizitzen ari garenarekin, ez dago besterik”, azaldu du. “Espero dugu hau dena ahalik eta azkarren pasatzea, berriz ere beraiekin bizitzeko garaipen hauek”.