Udalbatzaren kontrolerako mozioak murriztu ditu EAJren eta PSE-EEren udal gobernuak
EAJren eta PSE-EEren udal gobernuak behin betiko onartu du Udalbatzaren Erregelamendu Organikoaren aldaketa. Zehazki, 97.3 eta 98. artikuluak egokitu dituzte. Aurrerantzean, udal gobernuak izango du azken hitza udalbatzarreko interpelazioetan, eta kontrolerako mozioak mugatu dituzte; zinegotzi adina mozio aurkeztu ahalko dira.
Urriko udalbatzarrean onartu dute araudi aldaketa, oposizioak hasieratik kritikatu duena. Hain zuzen, tentsio handiko eztabaida izan dute udal batzar aretoan. Berriz ere agerian geratu da udal gobernuaren eta oposizioko hiru udal taldeen arteko talka zein desadostasuna. EAJk eta PSE-EEk argudiatu dute udalbatzarra “berrantolatzeko” eta “hiri handiek duten araudira egokitzeko” harturiko erabakia dela. Aldiz, EH Bilduk, Elkarrekin Donostiak eta PPk erabaki “antidemokratikoa” eta “murriztailea” dela adierazi dute. Era berean, erabaki honekin “herritarrei ahotsa ukatu” nahi dietela azpimarratu dute.
Elkarrekin Donostiako bozeramaile Aitzole Aranetak EAJren eta PSE-EEren “jarrera kontraesankorra” salatu du: “Oposizioan zeundetenean, udalbatzaren araudia aldatu zenuten kontrolerako mozioen muga kentzeko. Goiak adierazi zuen udalbatzaren ahalmenak gehitzea ona zela. Duela sei urte esandakoaren kontra egingo duzue. Gaur hamahiru kontrol mozio aurkeztu ahal izan ditugu, baina datorren hilabetean soilik hiru aurkeztu ahalko ditugu”. Reyes Carrerek, EH Bilduko bozeramaileak esan du udal gobernuak ez duela “gobernantza autokratikoa” aldatzeko asmorik. “Gaur gure eskubide politikoak murriztuko dituzue. Gainera, herritarrei ez diezue entzun nahi, eta demokraziaren izenean ari zaretela diozue. Ez nahastu zuen gehiengoa benetako demokraziarekin”. PPko bozeramaile Borja Corominasek, bere aldetik, udal gobernuaren “jarrera autoritarioa” kritikatu du, eta erabakia ez dela bidezkoa.
“Ez dut uste demokrazia eta gardentasuna urratzen ari garenik”, adierazi du Marisol Garmendiak, PSE-EEko bozeramaileak: “Benetako kontrola udal batzordeetan egiten da, eta udalbatzarrean interpelazioa berrantolatzea erabaki dugu”. Bartzelonako eta Cadizko udalbatzaren araudiak aipatu ditu erabakia argudiatzeko. “Bartzelonan soilik mozio bakarra aurkeztu ahal izango luke Elkarrekin Donostiak. Hemen, ordea, hiru. Hau da, hirukoitza. Cadizen, berriz, EH Bilduk soilik kontrolerako lau mozio aurkeztu ditzake, eta hemen sei. Beraz, araudi aldaketa ez da diozuena bezain murriztailea”, esan du Garmendiak.
Juan Ramon Viles EAJko kide eta Partaidetza zinegotziak oposizioaren jarrera salatu du, bere ustez, alderdi bakoitzak bere “agenda politikoa ezartzeko” erabiltzen dituelako udalbatzarrak. “Araudi honek lagunduko digu forma berriak ezartzen, mozioetatik haragoa doana. Kanal formalak ditugu horretarako, partaidetzarako. Beraz, aktibitate politikoa eta fiskalizazioa ez da ukatzen. Irizpide bat ezartzen da kudeaketa egokiagoa izan dadin”. Harturiko erabakia “arrazionala” eta “proportzionala” dela azpimarratu du.
Hona hemen, zehazki, araudi aldaketa berria:
97. artikulua. Interpelazioak.
- 3. Interpelazioak Udalbatzaren aurrean prozedura hau erabilita gauzatuko dira: Interpelazioa egiten duena hasiko da azalpen txanda batekin eta jarraian interpelatutakoak erantzungo dio: Alkateak edo izendatuko zinegotziak. Jarraian, interpelazioa egin duenak txanda izango du eta interpelatutakoak txanda itxiko du.
98. artikulua. Mozioak.
- 1. Mozioak kontrolekoak edo ohikoak izan daitezke.
- 2. Interpelazioa egin duen edozein zinegotzik kontroleko Mozioa aurkeztu ahal izango du, Osoko Bilkuran edo Batzordean landutako aldez aurreko interpelazio bakoitzeko, eztabaida eta Udalbatzak jarrera har dezan sustatzeko, interpelazioan landutako gaiei dagokienez. Mozioa aurkeztu ondoren, korporazioko kideak aldatu ahal izango du osoko bilkuraren egutegian ezarritako epeen barruan. Ezin zaie zuzenketarik aurkeztu kontroleko Mozioei. Udal talde bakoitzak, osoko bilkura bakoitzeko, gehienez ere talde hori osatzen duten zinegotzi adina kontrol Mozio aurkeztu ahal izango ditu.
- 3. Edozein taldek aurkeztu ahal izango ditu Mozio Arruntak eztabaida sustatzeko eta politika- eta gobernu-ekintza bultzatzeko. Talde bakoitzak bi Mozio Arrunta aurkeztu ahal izango ditu gehienez osoko bilkura bakoitzeko. Mozio arruntei zuzenketak aurkeztu ahal zaizkie Araudi honek ezarritakoaren arabera.
- 4. Proposamena egin duen taldea izango da txandan aurrena. Haren ondoren parte hartuko dute gainerako Taldeek, txikiena hasita handiena arte. Jarraian proposamena egin duen taldeak izango du txanda eta Udal Gobernua osatzen duten taldeko edo taldeetako kide den korporatibo bati dagokio itxiera.