"Lasterketa birtuala luzerako iritsi da"
Azaroaren 2tik 8ra Behobia-Donostia lasterketa birtuala egingo du Fortuna kirol elkarteak, eta, momentuz, 3.200 pertsona inguruk eman dute izena parte hartzeko. Egitasmoarekin gogotsu dago Iñigo Etxeberria, lasterketaren barne koordinatzailea. Hala ere, aurtengo Behobia desberdina izango da. Aurrez aurreko lasterketa ezaguna bertan behera utzi behar izan dute, eta horrek ondorioak izan ditu elkartean.
Nolakoa izango da ohiko Behobiarik gabeko urte hau?
Inoiz pentsa ezin genezakeen urte bat izaten ari da kirol elkartearentzat, murrizketa askorekin. Klubarentzat diru sarrera handiena da Behobia. Urtero, hortik ateratzen den diru guztia kirol sailetara bideratzen dugu. Hori gabe, gure kirol sailak garai latza pasatzen ari dira.
Zertan eragin dizue zehazki?
Fortunan hamabi kirol sail dauzkagu, eta 1.200 bazkide. Aurten, kirol taldeek ez dute beraien gastuetarako izaten duten diruaren zati handi bat, eta horrek bere ohiko ibileran eragin zuzena dauka. ABEEak ere daude. Une gogorrak bizitzen ari gara.
Hasiera batean, Behobiarekin aurrera egitea erabaki zenuten. Diru sarrera honek duen garrantziari lotuta dago erabakia?
Diruak beti laguntzen du. Baina, hori baino gehiago, aurrera egitea erabaki genuen uste genuelako segurtasuna bermatu zitekeela. Hori zen lehenengo premia. Gaian adituak diren medikuekin hizketan, beraiek posibletzat jo zuten. Egun ere, teknikoki, 15.000ko lasterketa bat egitea posible izango litzateke. Arazoa harreman sozialetan sortuko litzateke, Behobian ohikoa baita jendea elkartzea. Abuztuko bilakaera ikusita, erabaki genuen ez egitea. Eta, oraingo egoera ikusita, eskerrak erabaki hori hartu genuela. Baina nik berriro diotsut: pare bat lasterketatan parte hartu dut —Beasainen, Ordizian…—, eta ez dago inongo arazorik kirola aire librean egiteko. Egun ere, kontuan izanda ibilbidea nola prestatuta izango genukeen, ez dut arazorik ikusten kutsadurei dagokienez, baina bai lasterketak sortzen duen mugimenduari dagokionez.
Nolakoa izango da aurtengo lasterketa?
Birtuala. Pozik gaude, lortu dugulako Behobiaren ezaugarri batzuk birtualera eramatea, audioen bidez-eta. Gainera, gure gertuko harremanei esker badakigu jendea prestatzen ari dela. Edozein kasutan, horrelako egitasmoek laguntzen digute burua bestelako gauzetan mantentzen, baita imajinazioa lantzen eta arazo guztietatik apur bat urruntzen.
Behobia lasterketa bat baino gehiago izaten da. Aurten ere?
Ezin da izan. Behobiaren parte oso garrantzitsua dira harreman sozialak. Parte hartze indibiduala izanda ere, beste jende askorekin elkartzen zara eta talde momentuak bizi dira. Elkartzeak sortzen duena ezin da bizi aurten. Agian sare sozialetan izango da, baina ez da gauza bera; beste zerbait izango da, eta beste zerbait hori izan behar du. Ikusiko dugu.
Zer moduz doa izen ematea?
Ireki zenean gorakada bat izan zen, eta ondoren nahiko baxua mantendu da. Oraintxe, berriz ere, gora egin du. Informazio gehiago zabaldu da, eta erantzun bat ikusten ari gara. Horrek poztasun apur bat sentiarazten digu.
Aurten, pandemiarik izan ez balitz, Behobia birtuala ere izango genuke?
Segur aski, ez. Baina iritsiko zen. New Yorkeko Maratoia hala egiteko aukera dago, adibidez; Disneyk ere badauzka lasterketa birtualak egiteko aukerak. Eta lauzpabost urte daramatzate halakoak egiten. Mundu mailan ezagunak dira, eta fisikoki hain zaila denez parte hartzea, birtualki ahalbidetzen dute.
Lasterketa birtuala luzerako iritsi da?
Bai, lasterketa birtuala luzerako iritsi da. Aurrez aurrekoa baino inklusiboagoa da. Aukerak zabaltzen ditu. Hogei kilometro prestatu eta goiz batean egitea, ibilbide gogor batean, ezinezkoa da jende askorentzat, baina horiei ere parte hartzeko aukera ematen die lasterketa birtualak. Behobia festa bat da; ez da kirol arloan soilik geratzen. Gainera, Gipuzkoa mailan behintzat, Behobian parte hartzeak jendeari etiketa bat ematen dio. Birtualki eginda ere, parte hartzen da. Azkenean, kirol elkarte bezala, gure helburu nagusia da ariketa fisikoa eta kirola sustatzea. Lortzen badugu, uste dut denontzat onuragarria dela.
2021ean ohiko Behobia itzuliko da?
Hori da galdera potoloa. Guk, esan dudan bezala, ekonomikoki oso urte txarra izango dugu. Eta ez dakigu horrelako beste bat izango balitz, aurrera egiteko gai izango ote garen. Gai hori jende askok mahai gainean jarri du. Horrez gain, kirol proben munduan, proba guztiak urtebete atzeratu dira. Are gehiago, 2021eko udaberrian izan beharko liratekeen lasterketak, urte horretako udazkenera pasa dituzte. Beraz, lasterketa egitea mahai gainean dago, eta egiten bada ere, agian bigarren ondorio hori dugu: lasterketa guztiak udazkenean pilatzea eta horrek ohiko parte hartzean eragitea.
Bizitakoak Behobia eraldatuko du? Betiere, egiten bada, noski.
Apirila edo maiatzean, denok pentsatu genuen, egingo balitz, indar gehiagorekin itzuliko litzatekeela. Nik sinesten dut, benetako normaltasun batean, horrelako ekitaldiek goraka egingo dutela. Aurrekari bat daukagu. Krisialdi garaian, 2008tik aurrera, hazkunde handi bat izan zen korrika lasterketetan. Krisialdiak ekonomikoki eragin handia izan zuen, eta jende askok korrika egitea erabaki zuen ariketa fisiko moduan. Parte hartzea lasterketa guztietan igo zen. Krisi honek aurrekoak baino eragin handiagoa izango du, eta litekeena da handitzea eta jendea gogo gehiagorekin egotea. Gainera, denok gogoa dugu maskara kendu, arnasa hartu, jendea besarkatu eta lasai egoteko. Horrek boom berri bat sor dezake.