Morlansko igogailuan alerta sistema bat jartzea aztertzen ari da udala
Auzotarren aspaldiko eskaera dela azpimarratu du Morlanstarrak auzo elkarteak. Igogailuaren matxurek Morlansko eta Aieteko auzotarrak nabarmen kaltetzen dituela adierazi dute.

Morlans eta Aiete auzoak lortzen dituen igogailu inklinatuaren alerta sistema bat ezartzeko prozesua abiatu du Donostiako Udalak. Pasa den asteko Mugikortasun batzordean aritu ziren igogailuaz, eta udal gobernua Orona enpresarekin harremanetan jarri da sistema hori ezartzeko dauden aukerak aztertzeko. Morlanstarrak auzo elkartea pozik dago erabakiarekin, nahiz eta albistea prentsaren bidez jaso duen.
«Auzotarren aspaldiko eskaera da. Lantxabe eta Morlanstarrak auzo elkarteek igogailuaren erabilgarritasunaren inguruko herritarren kexak helarazi dizkiogu udalari. Bilera batzuk ere egin ditugu gaiaren inguruan. Pozgarria iruditzen zaigu udala alerta sistema bat aztertzen aritzea. Dena dela, informazioa zuzenean auzotarrei ematea eskertuko genuke», adierazi du Eider Imazek, Morlanstarrak auzo elkarteko kideak.
Bizilagunek «sekulako buelta» eman behar izaten dute igogailua hondatzen den bakoitzean. «Guk ez dakigu teknika egokiena zein den, baina alerta sistema jartzeko lekua zein den argi daukagu. Ez dadila izan igogailuan bertan, auzoen sarreretan baizik. Ondo legoke ere, Dbusen pantailen bidez jakitea igogailua badabilen, eta matxuratuta badago autobus zerbitzua egokitu beharko lukete erabiltzaileei auzo batetik bestera joateko aukera ahalbidetzeko», azaldu du Imazek.
Bi auzoetan ugaritzen ari den jarrera azpimarratu du Imazek: «maiz hondatzen denez, erabiltzeari utzi diote». Horrekin batera, adierazi du udalak «sabotajeekin» lotu izan duela igogailuaren matxura, eta ez dela horrela. «Tresneria da etengabe huts egiten duena, eta hori da konpondu beharrekoa».