Olatuak ikustera
Txikitan, udazkena iristen zenean, gurasoek asteburu askotan eramaten ninduten Pasealeku Berrira, olatuak ikustera. Urteekin, ordea, pixkanaka alde batera utzi dudan ohitura bat da, nahiz eta betidanik izugarri gustatu zaidan itsaso zakarra ikustea. Horren ordez, azken urteotan gehiago joan naiz mendira, kontzertuetara, tabernetara, zinemara, eta abar. Orain, ezin izango dut Donostiatik atera mendira joateko, eta kontzertuetara, tabernetara eta zinemara joaten jarraituko dudan arren, ezinezkoa da lehen bezain beste joatea. Beraz, egun hauek olatuak ikusteko ohitura berreskuratzeko baliatuko ditut; botak eta aterkia hartuko ditut, motxilan merienda sartuko dut eta mugikorra ondo kargatuta eramango dut, argazki bat edo beste egiteko. Nik bezala, ziur donostiar askok olatuak ikusteko ohitura zaharra berreskuratuko dutela asteburuan; han ikusiko dugu elkar. Hori bai, argazkian bezala, mantendu distantziak!