Realak ezin izan du Napoli garaitu
Realak aurpegia eman zuen atzo Napoli Europako talde historikoaren aurka, baina ez zen talde italiarra garaitzeko gai izan, eta 0-1 galdu zuen.
Genaro Gattusoren taldea indartsu atera zen zelaira, eta Remiroren atearen inguruan arriskua sortu zuen lehenengo hamar minutuetan. Ordea, Lorenzo Insigne aurrelariak mina hartu zuen, eta Hirving Lozano sartu zen zelaian bere partez 20. minutuan. Hortik aurrera, lehenengo minutuak gaindituta, txuri-urdinak euren jokoa egiten hasi ziren, eta Mikel Merinok aukera paregabe bat izan zuen Andoni Gorosabelen erdiraketa bat buruarekin errematatuta, baina baloia kanpora bidali zuen. Horrela, lehenengo zatia jabetza txuri-urdinarekin amaitu zen, baina Gattusoren mutilek aukera argiagoak izan zituzten.
Bigarren zatian Imanol Alguacilen taldea Napoli baino hobeto atera zen, eta gol aukeraren bat edo beste izan zuen, baina arrisku gehiegi sortu gabe; Cristian Porturen jaurtiketa bat, esaterako. Txuri-urdinak hoberen zeudenean, aldiz, Politanok jaurtiketa indartsu bat egin zuen area kanpotik, Modibo Sagnan atzelariaren gorputzean jo zuen eta barrura sartu zen, 60. minutu aldera Napoli aurreratuz.
Goletik aurrera, txuri-urdinak norgehiagokari buelta ematen ahalegindu ziren eta gola egiteko aukeraren bat izan bazuten ere, Napolik bere nortasuna erakutsi zuen, eta Realak ez zuen arrisku handirik sortu. Alguacilek Jon Bautista eta Willian Jose aurrelariak atera zituen, baina horrela ere ez zen asko aldatu partidaren norabidea. Are gehiago, Napolik bigarren gola sartu zuen 86. minututan, falta jaurtiketa baten ondoren, baina epaileak baliogabetu egin zuen. Azkenean, italiarrek lortu zuten garaipena, Europa ligako lehen hiru puntuak eskuratuz. Horrela, Realak eta Napolik hiru puntu dituzte, AZ Alkmaarrek sei puntu eta Rijekak zero puntu.