Donostiako auzoen arteko desberdintasunak, agerian
Datuek adierazten dute Donostiako auzo batetik bestera desoreka ekonomiko handiak daudela, eta horrek beste arlo batzuetan eragiten du, hala nola, hauteskundeetako abstentzioan.
Eustat Euskal Estatistika Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hiriburuetako familien errentaren datuak argitaratu ditu auzoz auzo, eta Donostiako auzo batetik bestera dauden desberdintasunak agerian utzi ditu. Datuak 2018koak dira, pandemia heldu aurrekoak, beraz, interpretatu daiteke datuak aldatu izana, baita desorekak areagotu izana ere.
Donostiako familien batez besteko errenta erabilgarria 42.408 eurokoa da urtean –hau da, familia batek urtean duen diru kopuru erabilgarria–; errenta altuena duen hiriburua da, Bilbok 35.553 eurokoa baitu eta Gasteizek 34.645 eurokoa. Ordea, desberdintasun handia dago errenta baxuena eta altuena duten auzoen artean: Miramon-Zorroaga da altuena duena, batez besteko 90.011 euroko errentarekin; Altza, aldiz, errenta baxuena duena da, 30.383 eurorekin. Beste era batera esanda, errenta altuena duen auzoak hiriko batez besteko errenta ia 50.000 eurotan gainditzen du, eta baxuena duena 12.000 euro azpitik dago; bi auzoen artean 60.000 euroko aldea dago urtean.
Bestalde, hiriko batez besteko errentaren inguruan hiru auzo daude: Amara Berri (41.981 euro), Añorga (42.043 euro) eta Gros (42.223 euro). Auzo gehienak, ordea, batez bestekoaren gainetik daude: Aiete (55.107 euro), Antigua (52.621 euro), Ategorrieta-Ulia (51.967 euro), Erdialdea (46.652 euro), Ibaeta (50.158 euro), Igeldo (48.274 euro), Landarbaso (51.025 euro), Miramon-Zorroaga (90.011 euro) eta Zubieta (45.702 euro), hain zuen. Aldiz, batez bestekoaren azpitik dauden auzoak Altza (30.383 euro), Egia (36.239 euro), Intxaurrondo (34.913 euro), Loiola (33.271 euro), Martutene (33.637 euro) eta Mirakruz-Bidebieta (34.987 euro) dira. Datuek adierazten dute Donostiako auzo batetik bestera desoreka ekonomiko handiak daudela, eta horrek beste arlo batzuetan eragiten du, hala nola, hauteskundeetako abstentzioan; hain zuzen, hedabide honek errenta mailaren eta abstentzioaren arteko harremana aztertu zuen iaz erreportaje batean.