Bost urte bete dira Kortxoenea eraitsi zutenetik
Kortxoenea eraitsi eta bost urtera, gaztetxea zegoen orubean hemezortzi etxebizitza eraikitzen ari da Groseko Etxebizitzak SL enpresa. Aurtengo otsailean hasi dituzte obrak, eta bi urtean amaituta izatea espero dute. Hala ere, oraindik auzotarrak ez dira Kortxoeneaz ahaztu, ezta duela bost urte gertatutakoaz ere.
Gaurko egunez duela bost urte indarrez hustu eta eraitsi zuten Groseko Kortxoenea gaztetxea. 2015eko irailean eraikina husten ahalegindu zirenetik, erresistentzia handia egin zuten gaztetxeko kideek bi hilabetez. Erresistentzia txandak egiteaz gain, kultur egitaraua zabala ere antolatu zuten; Kortxoeneak elkartasun handia jaso zuen auzoko zein hiriko herritar eta eragileengandik. Hala ere, 2015eko azaroaren 3an gaztetxearen huste “ilegal eta bortitza” burutu eta gero, eraitsi egin zuten. Hala kontatu zuen gertatutakoa gaztetxeko kide Ioritz Berrak: “Oso azkarra izan da dena. Ni izan naiz lehena esnatzen, makina bat entzun dudalako. Ostikoka eta bultzaka atera gaituzte, ez digute deus ere hartzen utzi gaztetxetik. Bat-batean 50 langile agertu dira, eta zuzenean eraikina botatzen hasi dira”.
Kortxoenea Gaztetxearen eraisketaren aurkako protesta eta mobilizazio ugari egin zituzten duela bost urte, baita prozesu judiziala abiatu ere. Izan ere, Groseko gaztetxearen desalojoa legez kanpokoa izan zela eta, Kortxoenea eraitsi zuen enpresa auzitara eraman zuten gaztetxeko kideek. Hala ere, Kortxoeneako kaleratzea ontzat jo, eta gaztetxea bota zuen enpresa absolbitu zuen epaitegiak 2018an.
Bost urteko ibilbidea izan zuen Groseko gaztetxeak: 2010eko ekainaren 26an okupatu zutenetik 2015eko azaroaren 3an eraitsi zuten arte. Kortxo eta txapa fabrika zen eraikina 1950eko hamarkadan, eta, urte luzez utzita egon ondoren, Zurriola ikastolak hartu zuen 1983. urtean, antzerki eskolak emateko. Gazteek okupatu zutenerako, bizpahiru urte zeramatzan erabilerarik gabe.