Donostiako ekialdeko topoaren hobekuntza aldarrikatu du EH Bilduk
Topoaren Altza-Pasai Antxo-Galtzaraborda proiektua lehenesteko eskatu dute Donostiako, Errenteriako eta Pasaiako EH Bilduko zinegotziek. Eusko Jaurlaritzaren “kudeaketa txarra” salatu dute, eta gogorarazi Donostiako metroaren igarobidearen obra hasi zutenean, Altza-Pasai Antxo-Galtzaraborda eremurako zegoen proiektua geldiarazi zutela.
“Metroaren igarobidea lizitazio berri baten zain geldituta dagoenean, milioi askoko gainkostuak iragartzen direnean, eta EAJren eta PSE-EEren lehentasuna pandemiaren erdian errentagarritasun sozialik gabeko azpiegituretan inbertitzen jarraitzea denean, EH Bilduk mahai gainean jarri ditu eskualde honetako herritarren benetako mugikortasun beharrak”, azaldu dute.
“Guztiz ulergaitza da EAJ-PSE-EEk Altza-Pasai Antxo-Galtzaraborda proiektua kaxan gordeta izatea, beharrezkoak ez diren azpiegiturak eraikitzen dirua xahutzen duten bitartean. Herritarrek ez dute ulertzen eta guk ezta ere”, azpimarratu du Garbiñe Alkizak, Donostiako EH Bilduko zinegotziak.
Eusko Jaurlaritzari eskaera zuzenak egin dizkiote: “herritarrek beharra duten lekuetan inbertsioa egin dezan eskatu nahi diogu, eremu honetako topoa lurperatzea; alde batetik, maiztasunak bikoizteko, eta bestetik, sortzen dituen zarata arazoak konpontzeko. Eta beharrezkoak ez diren azpiegituretako inbertsioak alde batera uztea”.