Indarkeriaren biktimak omentzeko zortzigarren plaka jarriko dute
Donostiako Udalak Miguel Francisco Martin Gonzalez Polizia Armatuko sarjentuaren omenezko plaka bat jarriko du larunbatean, Bidebietan. 1978an hil zuen ETAk Gaiztarro auzunean egindako atentatuan. Hildakoarekin batera beste hiru lagun zauritu zirela gogoratu du Eneko Goia alkateak.
Bidebieta kaleko 1. zenbakian jarriko dute plaka, atentatua gertatu zen lekuan. Omenduaren senideak ez dira ekitaldira joango Donostiatik kanpo bizi direlako.
Donostiako Udalak pasa den legealdian abiatu zuen gune publikoan indarkeriaren biktimak omentzeko egitasmoa. Larunbatean jarriko dutena zortzigarren plaka da, eta, guztira, 128 biktima omentzea aurreikusten du udalak.