A fuego negrok "penaz" esan du agur, baina "pozik pintxoaren kulturari egindako ekarpenagatik"
Edorta eta Amaia, tabernako arduradunak.(Argazkia: A fuego negro) Igandean zabaldu zituen azken aldiz ateak A fuego negro tabernak. “Pena handiz”, baina taberna ixtera behartuta ikusi dute euren burua. Koronabirusaren pandemiak ekarritakoak eta, zehazki, horrek ostalaritzaren sektorean eragindako kalteak izan dira arrazoi nagusia. “Mundu ero bat eta sektorearen babesgabetasunak ezinezko egiten dute gure barrari eustea”, kontatu dute. “Egindako bideaz harro” esan diote agur Abuztuaren 31 kaleko lokalari, baita eure proposamenak “gastronomiari eta pintxoaren kulturari egin dion ekarpenaz” eta “izan duen harreraz eta errespetuaz” pozik ere.
2006an zabaldu zuten taberna Amaiak eta Edortak, eta gastronomiaz gain, liburuek, musikak eta arteak ere euren txokoa izan dute A fuego negron. “Zorabiatzen gara pasa diren pertsona guztiengan eta 14 urte hauetako bizipenengan pentsatzean. […] Dena jan, edan, entzun, ikusi eta ikasirekin hasi zen, eta hori izan da eta horrekin geratzen gara, bizitako eta ikasitako guztiarekin“, azpimarratu dute.
Eskerrak ere eman nahi izan dizkiete handik pasa diren guztiei. “Bereziki eskerrik asko gure ondoan borrokatu duten langile guztiei, eta batez ere azken zati gogor honetan dena eman duen taldeari“, jarraitu nahi izan dute. Parte Zaharrarentzat eta Donostiarentzat ere hitz onak izan dituzte. “Mila esker Donostiari eta ia 15 urte hauetan izan duen harrera, alde zaharrekoak izan gara lehen egunetik, eta horrela zaindu eta babestu nahi izan dugu”, narbarmendu dute. Azkenik, euren estiloko festa batekin ixteko gogoaz hitz egin dute. “Baina espero dugu bizi izandakoagatik, gozatutakoagatik eta partekatuagatik topa egingo duzuela”.
Esker oneko erantzunak
Tabernako Amaia eta Edortarentzat ere esker oneko hitzak zabaldu dira sareetan. Besteak beste, Josema Azpeitia gastronomiako kazetariak eta idazleak nabarmendu du “plazera” izan dela “euren hastapen eta garapen prozesuaren lekuko izatea”, baita “euren sorkuntzak” dastatzea ere. Hainbat egitasmotan parte hartu izana eskertu nahi izan die Azpeitiak, eta egitasmo horietakoren bat ere diruz lagundu izana, besteak beste, Ondojan aldizkaria eta Donostia Aisia. “Gastronomiaren bideak, Jainkoarenak bezala, ezin dira asmatu, beraz espero dut bide gozoetan elkarrekin topo egiten jarraitzea. Agur eta ohore! Eskerrik asko, A Fuego Negro, beti arte!”, amaitu du Azpeitiak.
