"Behobia bizitzan behin egin behar dela diote, eta hau zen gure aukera"
Behobiak betidanik hunkitu du Nerea Garmendia (Gros, 1975). Hesiaren atzetik eta boluntario bezala bizi izan du, baina ez zuen parte hartzeko aukera ikusten. Lasterketa birtualari esker, aurten bere lehenengo Behobia egingo du.
Zergatik erabaki duzu aurten Behobia-Donostia egitea?
Ni ez naiz batere kirol zalea izan eta sekula ez dut kirolik egin. 2018ko abenduan afari bat egin genuen lagunen artean, eta horren harira erabaki genuen lilatoia egitea. Tontakeria horrekin hasi ginen asteburutan korrika egitera joateko gelditzen. Nigan inoiz ikusi ez zena. Goizeko 8tan geratzen ginen, hotza eginda ere, entrenatzeko. Oso ondo eta oso pozik sentitzen nintzen. Lilatoia egin genuen, eta erabaki genuen Minbiziaren Kontrako lasterketa egitea, zazpi kilometrokoa. Eta horren ondoren, lasterketa txikiak egiten jarraitzeko helburua hartu genuen, 5-7 kilometrokoak. Behobia urrutiko helburu bezala ikusten nuen, eta dut, oraindik ere, nahiz eta inbidia izugarria ematen didan. Beti animatzera joaten naiz, eta izugarrizkoa iruditzen zait. Beraz, entzun genuenean aurten Behobia birtuala izango zela, pentsatu genuen egin behar genuela. Behobia bizitzan behin egin behar dela diote, eta hau zen gure aukera. Izen eman eta Behobia birtuala egitea erabaki genuen. Nire senarrak barre egiten zuen, berak benetazko Behobia egiten baitu. Oso hunkituta gaude horrekin.
Nola egingo duzue?
Lagunen artean prestatzen ari gara. Uda ondoren hasi ginen, lagun baten laguntzaz. Helburua hiru etapatan egitea da. Hasiera batean, bost kilometroko bi etapa eta hamar kilometroko bat egin behar genituen. Baina plana aldatu dugu, igandean bero handia egingo baitu. Beraz, zazpi kilometroko bi etapa egingo ditugu lehenik —atzo egin genuen lehena, eta bihar egingo dugu bigarrena—, eta sei kilometroko etapa batekin amaituko dugu, igandean bertan.
Zer moduz joan zen lehenengo etapa?
Primeran egin genuen. Lehenengo zazpi kilometroak egin genituen, ZMtik, Zurriolatik, hasita, Haizearen Orraziraino, eta buelta.
Aplikazioa piztuta eraman zenuten?
Bai. Lau lagun atera ginen, bakoitza bere mugikorrarekin. Animoak eta txaloak mugikorretatik entzuten genituen [barrez]. [Behobia birtualak aurrez aurreko lasterketaren giro soinua entzuteko aukera eskaintzen du korrika egin bitartean].
Bihar zein ibilbide egingo duzue?
Antiguatik aterako gara. Normalean ere horrela egiten dugu. Donostiako auzo desberdinetakoak gara —Antigua, Gros, Aiete…—, beraz, korrika egiteko tokia aldatu ohi da. Batzuetan Grosen hasten gara, eta beste batzuetan Igaratik Haizearen Orraziraino joaten gara. Igandean, Kontxa ingurutik arituko gara.
Guztira, zenbat zarete taldean?
Guztira, hamar bat izango gara. Nire kuadrilan, bakoitza bere kabuz ari da prestatzen eta egiten, eta ni ikastolako ama batzuekin egiten ari naiz. Azken talde honetan, bost pertsona inguru gara eta atzo lau atera ginen. Behintzat azkeneko kilometroa denok elkarrekin egitea gustatuko litzaiguke, baina lege berriarekin ez dakit hori egiteko aukera izango dugun. Elkarrekin bukatzeko ilusioa dugu, baita argazkia ateratzekoa ere. Eta, noski, Kontxan bainatu nahi dugu. Ez dakigu posible izango ote den egitea.
Gogotsu zaudela nabari da.
Ilusio handia dut honekin, beti Behobia hesiaren beste aldetik ikusi baitut. Nire senarrak 14 urte daramatza parte hartzen, eta iaz nire semeak lehen aldiz korrika egin zuen. Oso zirraragarria izan zen. Egia esan, ni Behobiarekin hunkitu egiten naiz. Boluntario bezala laguntzera ere joan izan naiz, nire bi alabak Fortunan aritu direlako igerian. Baina beti kanpotik ikusten nuen eta izugarrizko inbidia ematen zidan. Badakit ez dela berdina lasterketa birtualean parte hartzea. Baina keinu bat da. Behobia egin dudala nolabait. Oso pozik eta urduri gaude honekin guztiarekin. Aurrez aurrekoa egingo bagenu bezala sentitzen gara.
Familiakoek ohiko Behobia egin ohi dutela aipatu duzu. Aurten ere egingo dute?
Bai. Nire senarrak eta semeak igandean 20 kilometroak jarraian egingo dituzte, elkarrekin, iaz bezala. Horrez gain, alaba zaharrena ere aterako da. Bere lehenengo Behobia egingo du, 19 urterekin, baina berak ere etapetan, eta bere kabuz. Familia guztiak egingo dugu aurtengo Behobia, alaba txikienak ezik, 15 urte dituelako.