Dabadabakoek aretoko taberna irekiko dute
Egiako Dabadaba aretoa zortzi hilabetez egon da itxita, baina bihar irekiko dute berriz, 17:00etan. Aretoko taberna zabalduko dute, baina oraingoz ez da kontzerturik izango, indarrean dauden osasun-neurriengatik. Asmoa da asteartetik igandera zabaltzea hemendik aurrera, 17:00etatik 22:30era. Aurrerago har litezkeen osasun-neurrietara egokituko direla adierazi dute Dabadabakoek.
Konfinamendua amaitu zenetik, kontzertuak eskaintzen dituzten tabernak eta aretoak ez dira normaltasunera itzuli, eta Donostiako eskaintza kultural bakarra Donostia Kulturaren bidezkoa izan da. Musika aretoek bizi duten egoerari buruzko erreportaje zabala egin zuen IRUTXULOKO HITZAk. Besteak beste, ondorengoa adierazi zuen Alex Lopez-Allendek, Dabadabako arduradunak: “Donostia Kulturaren 2019ko datuen arabera, 55 kontzertu antolatu zituzten urte osoan zehar. Guk, Dabadaban, 200 kontzertutik gora antolatu genituen, eta horietako asko tokiko taldeak izan ziren. Gainera, hemen kontzertu jendetsu bat egiteak aurretik auzoko taberna eta jatetxeetan jendea kontsumitzen aritzea dakar. Hau da, soilik gure datuak aintzat hartuta, Donostia Kulturak eskaintzen duen kultur bizitzaren laukoitza du hiriak, eskaintzaren zein eskariaren aldetik. Galdera da, erakunde publikoek Dabadaba eta gainontzeko areto pribatuak kultur ondarearen parte gisa ulertzen dituzte? Diskurtsoek gauza bat diote, baina ekintzek beste bat”.