"Eskubide urraketa sistematikoa da, eta ez dago Grezian bakarrik: hemen ere badago"
Greziako Lesbos uhartean dago Moriako errefuxiatuentzako kanpamentua. Han izan da Iñaki Agirre (Antigua, 1993) kazetari donostiarra denboraldi batez, eta laster itzuliko da berriz. Oinarrizko eskubideen urraketak sistematikoki jasaten dituzten pertsonekin izan da han, eta Euskal Herritik elkartasuna adierazteko moduak konpromiso politikoaren forma hartu behar duela uste du.
Elkarrizketa egin dio IRUTXULOKO HITZAk, eta osorik irakurri ahalko duzue ostiralean.
Hala ere, jarraian aurrerapen bat duzue.
Giza eskubideak urratzen dituzte Moriako kanpamentuan?
Europa zapaltzen duten lehen unetik. Ulertu behar dugu Europako Batasunak nahita urratzen dituela pertsona errefuxiatuen eskubideak, disuasio politika gisa. Zu migratzailea bazara, badakizu itsasoa zeharkatu beharko duzula, bizia galtzeko aukera askorekin; gero badakite ere Europara heldu bezain pronto haien eskubide zibilak egonean geratuko direla. Hona iristen direnetik, haien bizitzaren kontrola erabat galtzen dute, ezin direlako beste herrialde batera mugitu eta ezin dituztelako haien erabaki propioak hartu: administrazioaren menpe geratzen direlako. Behartzen baditugu halako leku batean egotera, bermatu beharko genukeen gutxienekoa da haien oinarrizko beharrak asetzea eta leku seguru batean egotea. Hori ere ez diegu ematen. Beraz, eskubide urraketa sistematikoa da, eta ez dago Grezian bakarrik: hemen ere badago.