Joseba Elosegi hil zenetik 30 urte igaro dira
Joseba Elosegi ezaguna da, besteak beste, 1970eko irailaren 18an bere buruari su eman ziolako Anoeta frontoian, Franco diktadorearen aurrean. Gudari donostiarra 1915ean jaio zen, eta 75 urte zituela zendu zen 1990ean, gaurko egunez.
Joseba Elosegik 1936eko gerran borrokatu zuen, erreketeen aurka, eta Durangoko eta Gernikako bonbardaketak zuzenean ikusi zituen. Gerra amaitzean atxilotu bazuten ere, Frantziara ihes egitea lortu zuen, eta han euskal erresistentziaren alde lan egin zuen, espia moduan, besteak beste. 1946ko uztailaren 18an ikurrina eskegi zuen beste kide batzuekin batera Artzain Onaren katedralaren kanpandorrean. Ekintza horren ondorioz berriro atxilotu zuten. 1950eko hamarkadatik aurrera Lapurdin bizi izan zen bere familiarekin, 1964 arte.
1970eko irailaren 18an Francisco Franco diktadorea Anoeta frontoian Esku Pilotako Nazioarteko Txapelketa ikusten ari zela, Elosegik bere buruari su eman zion, diktadura salatzeko. Bizirik ateratzea lortu bazuen ere, hiru urtez espetxean izan zen. Han idatzi zuen Quiero morir por algo liburua.
1977tik 1989ra senatari izan zen Espainiako Senatuan EAJ alderditik (EAtik 1986tik aurrera).