Ulia eta Ondarreta-La Sirena udal gazte aterpetxeak pribatizazio arriskuan daudela salatu dute
“Udal gazte aterpetxeak, gaur; kiroldegiak, bihar; eta Donostibus, etzi. Udal ekipamendu eta zerbitzuen kudeaketa publikoa pixkanaka enpresa pribatuen esku geratzen ari dela adierazi nahi dugu”, salatu dute udaleko langile batzuek. Ohar baten bidez ohartarazi dute Ulia eta Ondarreta-La Sirena udal gazte aterpetxeen kudeaketa pribatizatzeko arriskuan dagoela.
“Donostiako Udaleko Langile Batzordeak ere udalak erabakia hartua duela salatu du, hala nola, 2019an erretiroa hartu zuen aterpetxeetako teknikariaren lanpostua zein uztailean erretiratutako Ondarreta- La Sirena udal gazte aterpetxeko arduradunaren lanpostuak bete gabe dituelako”, gaineratu dute.
Kudeaketa publikoaren aldeko defentsa egin dute langileek: “Zuzeneko kudeaketaren bidez lortu baita Donostiako Udalak bere sailen bitartez (Gazteria, Kultura, Ingurumena…) azken 30 urteetan landu dituen giza balioak munduko bazter guztietatik aterpetxeetara hurbildutako gazteen artean oihartzuna izatea. Egungo eredu turistikoaren alternatiba; gazteariaren, kulturaren edota ingurumenaren (ingurumen ziurtagiria du Uliak) alde egiten duen Udalaren eta hiriaren isla dira udal gazte aterpetxeak. Lan eta esfortzu hori guztia, langileon iritziz, enpresa pribatuaren esku geratuko litzateke kudeaketa azpikontratatuz gero”.
Udal gazte aterpetxeek 700.000 euroko diru sarrerak izan zituzten iaz. “Udal zerbitzuari arreta pixka bat eskainiz, kopuru hori urtetik urtera haziz joan dela baieztatu da 2010. urtetik hona. Aitzitik, teknikari eta arduradunaren postuak desagerrarazteak ez du helburu horretan laguntzen”, adierazi dute. Bi gazte aterpetxeek aurrera ateratzeko gaitasuna erakutsi dutela gaineratu dute. “Bi aterpetxeetako talde finkoa zazpi lagunek bakarrik osatzen dute eta langile publikoen sailkapen taldearen barruan mailarik (C-2) baxuenetako bat duena dela nabarmendu nahi dugu”. Zerbitzuaren pribatizazioak lan baldintzen prekarizazioa, lan taldearen behin-behinekotasuna, eta zerbitzuaren kalitatea kaltetuko duela diote.
“Langileen beraien eta udal ekipamenduen kudeaketa zuzenak eskaintzen duen malgutasunari esker, hain zuzen, COVIDak eragindako martxoko itxialdian, 24-48 orduko epe laburrean, Ondarreta- La Sirena gazte aterpetxea gizarteratze aterpetxe bilakatu zen, Ongizate sailaren esku geratuz. Udal sailen arteko (Ongizatea- Gazteria) transbersalidaren ondorioz, Donostiako Udalak ez zuen -urteko gastuez haratago- aparteko fakturarik ordaindu behar izan”, azaldu dute. Era berean, azpimarratu dute transbersalitate hori, Ongizatearekin ez ezik, Gazteria, Donostia Kirola, Kultura, EHU, Zinemaldia, Basque Culinary Center, Musika Eskola nahiz hiriko irabazi asmorik gabeko kirol eta kultur elkarteekin ere arrunta dela urte osoan zehar.
Uliako eta Ondarretako udal gazte aterpetxeak “erreferente” direla nabarmendu dute, “elkarteentzat eta urtarriletik abendura hiria gurutzatzen duten milaka erromesentzat”. Era berean, Ondarretako bizilagunei, antiaguatarrei eta Uliara hurbiltzen diren herritar guztiei irekitako ekipamendu publikoak direla gaineratu dute. “Urte luzez lortutakoa alferrik ez galtzeko aldarrikapena egin nahi diogu, honenbestez, udal gobernuari”.