Auzotik eta auzoarentzat lanean jarraitzeko beste lokal bat eskatu dute
Amara kaleko hiru eraikin kaltetu hustu eta eraitsiko ditu udalak. Bizilagunak Morlansera eramango dituzte, baina eraikin horietako batean lokala duten auzo elkarteei ez diete ordezko lekurik eman.
«Ez da egoera erraza. Batetik, lokalik gabe geratuko gara, eta bestetik, udalak aurreratu digu auzoan ez dagoela beste tokirik guretzat. Ez gara Amara kaletik mugituko beste lokal bat ematen diguten arte», azaldu du Harkaitz Aranburuk, Amara Bai auzo elkarteko kideak. Datorren asteartean bilduko dira udaletxean Eneko Goia alkatearekin eta Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziarekin.
Urriaren 27an hartu zuen udal gobernuak Amara kaleko hiru eraikin hustu eta eraisteko erabakia. Udal teknikarien arabera, «egiturazko patologia larriak» dituzte 11., 13., eta 17. zenbakiko eraikinek, eta segurtasun arrazoiengatik botako dituzte. Udalak iragarri zuen hiru eraikinetan bizi diren familiei Morlansen emango dietela aldi baterako bizilekua. Ordea, Amara kaleko 17. zenbakian lokala partekatzen duten Amara Bai auzo elkarteari, Amara Kirol Elkarteari eta Amarako jai batzordeari ez diete ordezko lekurik proposatu.
«Auzotarrak kanporatzea ekarri du udalak auzoari begira egindako plangintzak. Eta orain, elkarteak ere kanporatu nahi ditu udalak», salatu du Aranburuk. Bizi duten egoera, San Bartolomeko hirigintza proiektuaren ondorioa dela gaineratu du: «San Bartolomeko proiektua sustatu zenean, udalak ez zituen elkarteak aintzat hartu. Horregatik, ez zaigu serioa iruditzen oraindik ere udalak esatea Amaran ez dagoela lokalik auzotarrentzat».
San Silvestre lasterketa antolatzeaz arduratzen den Amara Kirol Elkartea ere lokalik gabe geratuko da. «Erabateko blokeo egoera bizi dugu kalteturiko elkarteok», adierazi du kirol elkarteko kide Xabier Altunak. «Oraindik gure lokaletarako sarbidea dugu, baina, aldez aurretik ezer jakinarazi gabe, hesiak jarri dituzte sarreretan, eta barruan dugu gure material guztia». Udalari auzoan geratzeko beste lokal bat eskatu diote, baina «behin eta berriz» esan diete «ezinezkoa» dela. «Gure iritziz, argudiatutako ezintasun hori ez da inolaz ere benetakoa. Amarako jatorrizko gunetik gertu dagoen udal instalazioren batean gu kokatzeko modurik ez dagoela diote; ezta behin-behineko irtenbide gisa ere. Amaran egiten ditugu gure jarduerak kaltetutako elkarte guztiok, eta ez kokatu nahi gaituzten inguruetan», azaldu du Altunak.
Amara kaleko lursaila
Ekainaren 23an bilera irekia egin zuen udalak Amara kaleko eraikin kaltetuetako bizilagunekin. «Eraikinak husteko eta eraisteko arrazoiak eman zizkiguten. Aurrera begira, berriz, proiekturik ez dagoela azpimarratu zuten», adierazi du Aranburuk. Horrela ere, Amara Bai auzo elkartea Hirigintza sailarekin harremanetan jarri da informazio gehiago eskatzeko. «Gure susmoa da ez dituztela soilik hiru eraikin horiek botako. Beste bi eraikin eraisteko zurrumurrua dago auzoan: La Perrera eta Mundo Nuevo».
Baieztatu ezin badute ere, auzo elkartea ziur dago aurrerago beste hirigintza proiektu bat sustatuko duela udalak Amara kalean. «Ingurua txukuntzeko asmoa dute. Ez dugu uste San Bartolomerekin lotura izango duenik, baina etxebizitza berriak eraikiko dituzte. Babes ofizialekoak badira, ongietorriak izango dira», esan du Aranburuk.
Pandemiaren eraginez, antolaturiko jarduerak bertan behera utzi behar izan dituzte Amara kaleko hiru elkarteek. Gainera, martxotik ezin izan dute normaltasunez elkartu lokalean. Egoera zail horri gehitu behar zaio lokalik gabe geratuko direla. «Espero dugu datozen egunetan nolabait askatuko egingo dela blokeo egoera, eta udalak behar duen laguntza emango diela auzoko elkarteei», adierazi du Altunak.