"Errefuxiatuak ez dira masa homogeneo bat"
Greziako Lesbos uhartean dago Moriako errefuxiatuentzako kanpamentua. Han izan da Iñaki Agirre (Antigua, 1993) kazetari donostiarra denboraldi batez, eta laster itzuliko da berriz. Oinarrizko eskubideen urraketak sistematikoki jasaten dituzten pertsonekin izan da han, eta Euskal Herritik elkartasuna adierazteko moduak konpromiso politikoaren forma hartu behar duela uste du.
Zergatik erabaki zenuen Lesbosera joatea?
Maila pertsonalean, ikusten nuelako han zein astakeria ari ziren gertatzen; etengabeko eskubide urraketa hori Grezian oso agerikoa zen, eta asko txokatzen ninduen. Maila profesionalean, bi urtez tokiko kazetaritza egiten ibili ostean, gogoa sentitzen nuen beste kazetaritza mota bat lantzeko. Orduan, bi gauza horiek nahastuta erabaki nuen pauso hori ematea, eta probatzea handik nola lagundu dezakedan gertatzen dena kontatzen.
Zer aurkitu duzu Lesbosen?
Astakeria bat. Ez da ezer berria. Moriako kanpamentuak bost urteko ibilbidea izan du, eta hara heltzen zarenean sekulako larrialdi humanitarioa topatzen duzu. Ni iritsi nintzenean, 15.000 pertsona zeuden Moriako kanpamentuan harrapatuta, egoera oso kritikoan. Hasteko, behar oinarrizkoenak ere ez zituzten asetuta. Janaria eskasa eta kalitate urrikoa da. Udan iritsi nintzen: tenperatura oso altuak zeuden, eta ura izateko aukera oso mugatua zuten. Maila psikosozialean ere ikusi nuen sekulako drama zegoela, Moriako kanpamentua testuinguru torturatzaile bat delako. Oso agerikoak ez diren metodoen bidez, etengabeko umiliazioak eta indarkeria instituzional eta soziala daude.
Zein ahots entzun dituzu Moriako kanpamentuan?
Guk pertsona migratzaileekiko irudikapena eraikitzen dugunean, masa baten moduan ikusten ditugu, drama bat bizi duten pertsona multzo bat bezala. Baina norbanakoak dira, bakoitza bere errealitatearekin, herrialde desberdinetatik datoz, arazo oso desberdinetatik ihes egiten dute; ez dugu inoiz ahaztu behar haien eskubideak dituzten pertsonak direla. Gainera, ezagutzen dituzte eta aldarrikatzen dituzte haien eskubideak. Europak, eta Greziak kasu zehatz honetan, haien aldarrikapenei entzungor egiten die, eta ez die inolako baliorik ematen, bigarren mailako pertsona gisa ikusten ditugulako. Han istorio ikaragarri bortitzak aurkitu ditut: dena galdu duen jendea. Lesbosko gehiengoa Afganistangoak dira, baina beste mila herrialde eta errealitatetakoak daude. Ez dira masa homogeneo bat, baina badaukate gauza bat komunean: etorkizun hobe baten bila etorri direla, Europan zerbait hobea topatzeko itxaropenarekin. Guk, ordea, are sufrimendu gehiagorekin jaso ditugu hemen, iristen diren momentutik aitzakia administratibo batekin beraien oinarrizko baldintzak bermatzen ez dituzten detentzio-zentro batean sartzen ditugulako. Europara iristen diren migratzaile askok traumak dakartzate haien herrialdeetatik, eta prozesu migratzailean jasandako astakeriengatik: ematen diegun harrerarekin lortzen duguna da trauma horiek are gehiago indartzea, eta pertsonak horiek zituzten itxaropen urriak zapaltzea.
Giza eskubideak urratzen dituzte Moriako kanpamentuan?
Europa zapaltzen duten lehen unetik. Ulertu behar dugu Europako Batasunak nahita urratzen dituela pertsona errefuxiatuen eskubideak, disuasio politika gisa. Zu migratzailea bazara, badakizu itsasoa zeharkatu beharko duzula, bizia galtzeko aukera askorekin; gero badakite ere Europara heldu bezain pronto haien eskubide zibilak egonean geratuko direla. Hona iristen direnetik, haien bizitzaren kontrola erabat galtzen dute, ezin direlako beste herrialde batera mugitu eta ezin dituztelako haien erabaki propioak hartu: administrazioaren menpe geratzen direlako. Behartzen baditugu halako leku batean egotera, bermatu beharko genukeen gutxienekoa da haien oinarrizko beharrak asetzea eta leku seguru batean egotea. Hori ere ez diegu ematen. Beraz, eskubide urraketa sistematikoa da, eta ez dago Grezian bakarrik: hemen ere badago.
Eskubide urraketa horiek zein forma hartzen dute Euskal Herrian?
Moriaraino joan gabe ere guk migrazioa jasotzen dugu, eta Donostian migratzaileei harrera duin bat eskaintzetik oso urruti gaude. Zenbat gazte daude kalean bizitzen, administrazioetatik eskaintzen den baliabide eskasia horrengatik? Askotan arazoak oso ongi identifikatzen ditugu hemendik kilometro askotara daudenean, baina gehiago kostatzen zaigu oso gertu ditugunean.
Garrantzitsua da herritarrak antolatzea migratzaileei harrera duin bat emateko?
Ezinbestekoa da. Egia da Euskal Herrian Zaporeak proiektuarekin, adibidez, badagoela elkartasun bat Lesbosen gertatu denarekiko. Baina elkartasuna ezin da tarteka dohaintza bat egitera mugatu: elkartasunak konpromiso politiko bat exijitzen du. Gure agintariei exijitu behar diegu gurera urtero datozen milaka pertsona errefuxiatuei harrera duin bat eskaintzeko. Bai Grezian, eta bai hemen. Ulertu behar dugu munduan bizi garen puntu honetan, europar eta euskal herritar gisa, munduan milioika pertsonek pairatzen dituzten zapalkuntzetan oinarritzen diren pribilegio batzuk dauzkagula. Zapalkuntza horren ondorioen aurrean guk ardura bat daukagu: hona datozenei zor diegu gure ateak zabalik izatea.
Kazetari moduan, nola heldu diozu Moriako errealitateari?
Informatzeko eskubidearekin, kazetaritzak irakurleekiko konpromisoa dauka, irakurleak ardura bere gain har dezan jakin behar duelako zer gertatzen den hor. Bestetik, badago arazoarekiko konpromisoa, eskubideen urraketa jasaten ari diren pertsonekikoa, arazoa azaleratzen irtenbide politiko bat egongo den itxaropenarekin. Nahiz eta erreportaje asko egin diren, gauzak ez dira aldatu. Gauzak aldatzeko, lehenik egoera ulertu behar dugu, eta gero, jabetu behar gara gure ardura dela.