"Ideologia nagusiaren arabera, hiztun berriek legitimitatea irabazi behar dute"
Bagera elkarteak azaroaren 14an egingo dituen jardunaldietan, euskararen inguruan azken urteetan ematen ari den diskurtsoen inguruan hausnartuko dute. Han izango da Miren Artetxe, eta hizkuntza-ideologiek hiztunengan eragiten dituzten ondorioen inguruan jardungo du, besteak beste. Gazteak euskal hiztun bihurtzeko lanean, bertsolaritzari aitortzen dion balioa da "euskaraz sozializatzeko espazioa" sortzeko daukan gaitasuna.
Azaroaren 14an Bagera elkarteak antolatutako jardunaldietan parte hartuko duzu Kike Amonarrizekin eta Jone Miren Hernandezekin batera. Zeren inguruan jardungo duzu?
Bertsolaritzatik hiztun berrietara, eta hiztun berrietatik hizkuntza-ideologietaraizenburua jarri diot. Nire tesiko ikerketa egiten ari nintzela, konturatu nintzen hiztun berriekin bertso munduan gauza berezi bat gertatzen zela; eta horri begira hasi nintzenean iritsi nintzen hizkuntza-ideologietara. Bertsolaritzan, hiztun berriak ari baldin badira bertsotan, kanpotik ikusita legitimitatea irabazten dute; alegia, bertsotan baldin badabiltza, suposatzen da hiztun onak direla, euskara erabiltzen dutela, euskararen aldeko diskurtsoa daukatela, eta horrek ematen die halako legitimitate bat. Baina beste alde batetik, bertso munduan eztabaida daago: bertsotan ikasi ote daitekeen edo berez eduki behar den. Hiztun berriekin berdina gertatzen da: badirudi bertsotan hiztun berri batek ez duela sekula egingo hiztun zahar batek adina. Eta hori ideologia jakin batek erakusten duen zerbait da.
Zein da euskararen inguruan dagoen ideologia hegemonikoa? Ama-hizkuntzaren edo autentikotasunaren ideologia esaten zaio. Berez oso arbitrarioa da: intuitiboki iruditzen zaigu hiztun on bat dela ama-hizkuntza duena. Baina zenbat egongo ote dira euskara dutenak ama-hizkuntza, eta gero erabili gabe edukita erdoildu zaienak? Eta, aldiz, zenbat euskara eskolan ikasi dutenak, baina gero haien bizitzako hizkuntza dutenak? Orduan, ideologia horrek ondorio batzuk dauzka, eta hori da adierazi nahiko dudana jardunaldietan.
Zerk egiten du hiztun bat on?
Parametro desberdinak hartu daitezke: ezagutza, erabilera… Mila parametro erabili daitezke. Hiztun bat ona edo txarra definitzen dugun moduaren arabera, hiztunek sentituko dute legitimitate gehiago ala gutxiago, eta horrek inpaktua dauka erabileran. Jartzen badugu hiztun onaren ezaugarri nagusi bezala euskara ama-hizkuntza izatea, euskaldun berriek legitimitate gutxiago sentituko dute, eta beraz, gutxiago erabiltzeko joera izan dezakete.
Euskara ezagutzetik erabiltzerako jauzi horretan, legitimitatea da gakoa? Zein faktorek hartzen dute parte jauzi horretan?
Faktore askok hartzen dute parte, baina badakigu hiztun berrien kasuan legitimitatearena badela bat. Ideologia nagusiaren arabera, euskaldun zaharrok badaukagu legitimitate hori berez, baina hiztun berriek irabazi egin behar dute. Zenbat aldiz entzun dute: “Oso ondo hitz egiten duzu euskaraz hiztun berria izateko”? Ez badute sentitzen legitimitatea egotzia zaienik edo daukatenik, nahiago dute beste hizkuntza batean hitz egin. Hori denoi pasatzen zaigu. Kontua da gaur gazteen %50-a baino gehiago hiztun berria dela: hiztun berri horiek euskara ikasi dute bizpahiru urterekin eskolan, eta horietako batzuk oso ondo moldatzen dira eta ez daukate inolako diferentziarik euskaldun zaharrekiko gaitasunean. Hala ere, legitimitatea irabazi beharra daukate ideologia horren arabera. Hori ez doa gure alde.
Hizkuntza-ideologiek identitate desberdinak sortzen dituzte?
Hizkuntza-ideologiak hiztun kategoriak sortzen ditu; adibidez, euskaldun berri eta euskaldun zahar kategoriek ideologia bati erantzuten diote. Kategoria horiekiko identifikatzen gara erosoago edo deserosoago. Hiztun zaharrekin normalean ez dugu arazorik izaten, botere posizioan jartzen den etiketa delako. Hiztun berrien kasuan, problematizatzen dute askok: noiz uzten diozu euskaldun berri izateari? 30 urte eta gero ere euskaldun berri zara? Euskaldun berri etiketa batzuetan gutxiespenarekin erabiltzen da. Gazte askok esaten dute: “Ni ez naiz ez euskaldun berri, ez euskaldun zahar: ni euskalduna naiz”. Edo bestelako etiketak sortzen dituzte. Ideologiek sortzen dituzten kategorietan batzuk ez daude eroso, eta orduan, kategoriak deseraiki behar dira, baita ideologiak ere.
Zein da, zure ustez, modu egokia euskara ezagutu arren erabiltzen ez duten gazteak euskara erabiltzen hasteko? Hori oso konplexua da. Baina nik uste dut bai etxean bai eskolan ikasi duten gazteentzat zentzua izan behar duela euskaraz hitz egiteak, ez bakarrik nazio identitatearekiko, atxikimentuarekiko edo ideiekiko. Gazte izateko haien moduan euskarak leku bat izan behar du, eta gazte kultura eraikitzeko tresnak eman behar dizkigu euskarak.
Bertsolaritzak zein tresna ematen dizkio pertsona bati euskal hiztun bihurtzeko?
Euskal hiztun bihurtzeko, batez ere euskaraz sozializatzeko espazio bat ematen dio. Beste praktika kultural batzuekiko duen abantaila da, bertsotan egin nahi badugu, badakigula euskaraz egingo dugula. Gazteen artean egoteko espazio nahiko libre bat da, nahiko filosofia librearekin.
Bertso-eskoletan zer ikusi duzu?
Bertso-eskoletan ikusi dudana da espazio horietan badaudela bertsolaritzaren praktikari lotutako ezaugarri batzuk gazte identitatea garatzen laguntzen dutenak: pentsatzeko joerak, gai bati nola begiratu, nola hitz egin, erantzungo digutena aurreikusi, gure iritzia osatu, diskurtsoak osatu, eta konfiantzazko giro bat. Inprobisatzen dugu elkarrekin, hanka sartzen dugu, trabatzen gara, isilik geratzen gara, baina lotsa horri aurre egiten diogu. Ekintzailetasuna ere: denak dira militanteak bestelako espazioetan. Ezaugarri horiek gazte identitatearekin lotzen dituzte, eta euskaraz egiten dutenez, lortzen dute gazte izateko modu bat euskaraz.
Euskara biziberritzeko, zein da diskurtso egokia?
Autentikotasunaren eta ama-hizkuntzaren ideologiarekin lortu nahi ditugun hiztun ideal horiek herri euskaldunetako guraso euskaldundun hiztunak dira, bertakoenak, dialektoan hitz egingo dutenak, tokian tokiko hizkeran. Hori oso ondo dago, baina aldi berean, horrek gutxiesten ditu hiriko hiztunak, hiztun berriak, bestelako euskalduntasun bat adierazi dezaketen hiztunak. Horiek baztertzen baditugu hiztun onaren ideiatik, uste dut gaizki goazela.